Politika -

Auzitegi Nazionala

Bi urteko kartzela-zigorra Pablo Hasel raperoari, ETA eta GRAPO goratzea egotzita

Hiru epaileetako batek boto partikularra eman du, Pablo Haselek Twitterren esandakoak adierazpen askatasunaren baitan sartzen direla iritzita.

Pablo Hasel rap-kantaria Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE
Pablo Hasel rap-kantaria Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE
Pablo Hasel rap-kantaria Auzitegi Nazionalean. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak bi urte eta egun bateko kartzela-zigorra ezarri dio Pablo Hasel rap-kantariari, ETA eta GRAPO erakundeei Twitter sare sozialean gorazarre egitea leporatuta.

Horrez gain, 24.300 euroko isuna ordaindu beharko du, Erregeari, instituzioei eta Estatuko segurtasun indarrei irain egitea egotzita.

Auzitegi Gorenak zigorra berresten badu, Pablo Hasel kartzelan sartuko dute; izan ere, 2014an bi urteko espetxealdia ezarri zioten, delitu bera leporatuta. Orduan ez zuten espetxeratu, aurrekaririk ez zuelako.

Erabakia Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko lehen sekzioko epai-mahaiak hartu du. Manuela Fernandez de Prado epaileak boto partikularra eman du, Pablo Haselek Twitterren egindako komentarioak adierazpen askatasunaren baitan sartzen direla iritzita.

Concepcion Espejel eta Nicolas Poveda magistratuek, berriz, "terrorismoa goratzeko" eta "Erregea eta Estatuko erakundeak iraintzeko" asmoa zuela esan dute eta, ondorioz, ezin daitekeela adierazpen askatasuna aintzat hartu.

Areago, adierazpen horiekin "indarrezko erantzun bat" eragin nahi zuela ebatzi dute.

Epaiaren berri izan ostean, Pablo Haselek mezu bat zabaldu sare sozialetan "inoiz" ez duela amore emango nabarmenduta.

"Bi urteko zigorra eta zigor-isuna ezarri dizkidate, hau da, hiru urte. Aurretik beste bi urte ezarri zizkidaten erregimenaren kontrako abestiak egin ditudalako. Horrenbestez, bost urte egingo ditut preso, iritzia emateagatik, baina inoiz ez dut amore emango", adierazi du.

"Epai honekin indar gehiago emango diote isilari nahi dute ahotsari; iraultzaile moduan indartu egingo naute. Honek guztiak aurreratu egin du zuen tiraniaren amaiera", azpimarratu du.

"Jada ez da iritzi kontu bat, monarkiari, poliziari eta preso politikoei buruzko gauza objektiboak kontatzeagatik zigortu naute", erantsi du.

Horrez gain, Kataluniako raperoak berriro argitaratu ditu Twitter sare sozialean bera zigortzeko erabili dituzten abestien letrak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Euskadi Ta Askatasuna albisteak