Politika -

EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOA

'Egin' egunkariaren ondare dokumentala Eusko Jaurlaritzak zainduko du gaurtik

'Gara' egunkariko langileek salatu dutenez, itxieraren ondorioak oraindik pairatzen dituzte, eta, besteak beste, zorrari aurre egiten laguntzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Eginen dokumentu-funtsak Euskadiko Artxibo Historikora mugitu dituzte

1:46

agenias | redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EiTBk asteon aurreratu bezala, Egin egunkariaren ondare dokumentala Eusko Jaurlaritzaren esku dago gaurtik. Oraingoz, "behin-behinean",  Euskadiko Artxibo Historikoaren Bilboko egoitzan gordeko dute material guztia. "Helburua da horiek ez suntsitzea eta ikertzaileen eta gainerako interesdunen zerbitzura jartzea", esan du Jaurlaritzak.

Auzitegi Nazionalaren baimena jaso ondoren, gaur goizean hasi dira Egin egunkariak Hernanin zuen erredakziotik dokumentu eta ondare guztiak Bilbora eramaten. "Argazkiak, seguru asko, zatirik handiena berreskuratzeko moduan egongo dira, baina dokumentazioa, kontabilitatea eta bestelako artxiboa, oso hondatuta daude. Sabaia erorita dago toki askotan, ura sartu da eta hezetasun handia dago", esan du Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariak.

Ondare guztiaren toki-aldaketa egiteko egun batzuk beharko ditu Jaurlaritzak. "Gure iritziz, ondarearen ikuspegitik, interesa dauka Egin egunkariaren dokumentu-funtsak, batez ere, ikertzaileentzat, historialarientzat … Zegoen moduan suntsitzeko bidean zegoen eta gerta zitekeen ez egotea atzera bueltarik; hori dela eta, uste dugu interesgarria izan daitekeela behin-behinean Artxibo Historikoan gordetzea. Han, jatorri ezberdinetako hainbat funts daude eta, zalantzarik gabe, leku egokia da hori ere han egoteko", azaldu  Aizpuruk.

Egin egunkaria eta Egin Irratia 1998ko uztailaren 21ean itxi zituzten Baltasar Garzon epailearen aginduz, ETArekin zerikusia zutelakoan. 11 urte geroago Auzitegi Gorenak aitortu zuen komunikabideon jarduerak ez zirela legez kanpokoak.

4,7 milioi euroko zorra

Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendaria eta Mertxe Aizpurua Egineko zuzendari izandakoa Hernanin izan dira goizean, duela 20 urteko operazio "bidegabearen ondorioak" oraindik pairatzen ari direla salatzeko.

Sotok gogora ekarri duenez, Eginen zorra Garari leporatu zioten. "Eginek zuen zorra guri egotzi ziguten, 4,7 milioi euro. Guk 14 urte daramatzagu ordainketa-etendura egoeran. Hori salatzera etorri gara, eta baita, Jaurlaritzari eskatzera zerbait egin dezala honetan ere", esan du.

Egunkariaren itxierak kaltetutako guztiak izan ditu gogoan Sotok, "irakurleak eta langileak, baina, batez ere, hainbat urtez espetxe zigor ankerrak jasan behar izan dituztenak".

Gaurkoa "memoria ariketa" dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bilbo berriak Hernani Eusko Jaurlaritza albisteak Gaurko azken orduko albistea