Politika -
Katalunia
Mossoen buruzagia: 'Erreferenduma galarazteko dispositiboa ez zen nahikoa izan'
Horrez gain, Ferran Lopezek esan du une oro informatu zutela Mossoak, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila koordinatzeaz arduratu zen Diego Perez de los Cobos koronela.
Agentziak | Erredakzioa
Ferran Lopez Esquadrako Mossoen buruzagiak onartu du 2017ko urriaren 1ean Katalunian ezarritako polizia-dispositiboa "ez nahikoa" izan zela erreferenduma galarazteko, eta erantsi du hala ohartarazi ziotela operatibo hura koordinatzeaz arduratu zen Diego Perez de los Cobos koronelari, baina hark ez zuela inolako eragozpenik jarri.
Lopezek lekuko gisa deklaratu du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen aurrean. De los Cobosek esandako batzuk ukatu egin ditu eta, oro har, Josep Lluis Trapero Mossoen buruzagi ohiak emandako azalpenak berretsi ditu.
EFE agentziak auzitegiko iturriak aipatuta zabaldu duenez, Lopezek esan du Mossoek, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak urriaren 1ean Katalunian jarritako polizia-operazioa eskasegia zela erreferenduma galarazteko, baina ez haien jokabideagatik, baizik eta hautesleku guztiak zaintzeko agente nahikorik ez zegoelako.
Egun hartan 7.500 mosso atera zirela kalera eta asmoa zentro bakoitzean bi agentea jartzea zela azaldu du.
Bestalde, De los Cobosek Mossoen dispositiboaren xehetasun guztien berri bazuela azpimarratu du, haren bertsioa gezurtatuta. Operazioaren inguruko informaziorik eman ez ziotela esan zuen De los Cobosek epailearen aurrean.
Urriaren 1a baino lehen eta ondoren egindako bileretan, De los Cobosek Mossoen jokabideari buruzko ezer ez ziola leporatu adierazi du Lopezek.
Horrez gain, irailaren 28an Carles Puigdemontekin bildu zela eta erreferenduma galarazteko dispositiboari buruzko informazioa eman ziola kontatu du. Batzar hartan Oriol Junqueras presidenteordea eta Joaquim Forn Barne kontseilari ohia ere izan ziren.
Ferran Lopez Mossoen buruzagiak Joaquin Fornen eta Jordi Cuixarten abokatuek eskatuta deklaratu du astelehen honetako saioan. Juan Carles Molinero eta Emili Quevedo komisarioek ere deklaratu dute.