Politika -

Katalunia

Katalunian gazteleraz matrikulatzeko LOMCE legearen sistema baliogabetu dute

Auzitegi Konstituzionalak Generalitateak aurkeztu zuen helegitearen zati bat onartu du eta Espainiako Gobernuak Kataluniako eskolaratze sisteman erabakiak hartzeko eskumenik ez duela ebatzi du.

Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi du LOMCE Legeak Kataluniako ikastetxeetan ikasleak gazteleraz matrikulatzea ahalbidetzen zuen sistema, Kataluniako Gobernuaren eskumenak urratzen dituela argudiatuta.

Horrela bada, Generalitateak arau horren kontra bere garaian aurkeztu zuen helegitearen zati bat onartu egin du Konstituzionalak.

Lege horrek gaztelerazko hezkuntza bermatzeko ezartzen duen sistemak Kataluniari dagozkion eskumenak urratzen dituela ondorioztatu dute epaileek. Erabakia aho batez hartu dute.

Orain baliogabetu duten artikuluaren arabera, Espainiako Hezkuntza Ministerioak ahalmena dauka, Hezkuntza Ikuskaritza Gorenaren bidez, ikastetxe pribatuetako ikasleen eskolatzeari eta horren finantzazioari buruzko erabakiak hartzeko.

Generalitateak LOMCE Legearen aurka ezarritako errekurtsoaren arabera, baina,  arau horrek bere eskumenak urratzen zituen eta Konstituzioaren, Kataluniako Estatutuaren eta Auzitegi Konstituzionalaren doktrinaren kontra egiten zuen. Gainera, Kataluniako hizkuntza eredua urratzen zuela ohartarazi zuen, ikasleak hizkuntzaren arabera banatzea suposatzen zuelako.

Espainiako Gobernuak bere gain hartzen zuen ikastetxe pribatuetan gazteleraz ikastea hautatzen zuten ikasleen eskolatzea, hezkuntza publikoak aukera hori bermatzen ez zuenean. Gastu horiek gero erkidego horretako Gobernuak ordaindu beharko zituen.

Hau da, ikastetxe publikoetan gazteleraz ikasteko aukerarik ez zuten ikasleen matrikulazioa Generalitateak ordaindu behar zuen, Espainiako Gobernuak ordainketa egin zezala agintzen zionean.

Auzitegi Konstituzionalaren arabera, Konstituzioaren aurkakoa da Espainiako Gobernuak erabakitzea ikasleak noiz eskolatu daitezkeen zentro pribatuetan eta horren kostu ekonomikoa erkidego batek noiz ordaindu behar duen agintzea.

Kataluniakoaz gain, beste lau gobernuk jo zuten auzitegira LOMCE Legearen aurka: Eusko Jaurlaritzak eta Asturiasko, Andaluziako eta Kanarietako gobernuek.

Gaurko ebazpenak Generalitatearen helegiteari erantzuten badio ere, gainerako erkidegoetan ere eragina izango du.

Konstituzionalaren esanetan, Hezkuntza Ikuskaritza Gorenaren bidez Estatuak zaintza lana egin dezake, baina ez dio ahalmenik ematen Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko menpekotasun hierarkiko bat ezartzeko.

Era berean, Ikuskaritza Gorenaren bidez Estatuak ezin ditu erkidegoei dagozkien eskumenak bera gain hartu.

Horrenbestez, LOMCE legeak ezarritako prozedurak doktrinak markatutako mugak gainditzen dituela ondorioztatu du.

Epaiak beste gai batzuk ere argitzen ditu, eta Konstituzioaren kontrakotzat jotzen du Espainiako Gobernuak hezkuntza eleanitzari buruzko oinarriak ezartzea Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora bitartean, erkidegoekin adostu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Hezkuntza legea berriak Auzitegi Konstituzionala Hezkuntza