Politika -

Katalunia

Puigdemonten urrutiko inbestidura ahalbideratzeko erreforma atzeratu du Parlamentuak

Torrentek JxCaten proposamena gai-ordenan sartu du, baina txostena eskatu die Ganberako abokatuei, zalantzak argitzeko.

Kataluniako Parlamentuaren Mahaiaren bilera. Argazkia: Kataluniako Parlamentua
Kataluniako Parlamentuaren Mahaiaren bilera. Argazkia: @parlamentcat
Kataluniako Parlamentuaren Mahaiaren bilera. Argazkia: Kataluniako Parlamentua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak bigarrenez atzeratu du Carles Puigdemonten urrutiko inbestidura ahalbideratuko lukeen erreforma tramitera onartzea. Proposamena Junts per Catalunya (JxCat) taldeak eraman du Ganberara. Roger Torrent Parlamentuko presidenteak txostena eskatu die Ganberako abokatuei, zalantzak argitzeko.

Ohi baino bilera luzeagoa izan da asteartekoa. Azkenean, JxCatek eta ERCk txostena eskatzea adostu dute.

Auzitegi Konstituzionalak Carles Puigdemonten inbestidura telematikoa debekatu zuen. Parlamentuko iturriek azaldu dutenez, lege erreforma hori tramitera onartuz gero Konstituzionalak hartutako neurriek eraginik izango ote luketen argitzeko eskatu die txostena Torrentek Ganberako abokatuei.

Pasa den asteartean gertatu ez bezala, JxCaten proposamena gai-ordenan sartu da. Aurreko astean Roger Torrent Parlamentuko presidenteak gai-ordenan ez sartzea erabaki zuen eta tentsioa sortu zen JxCat eta ERCren artean.

Ciudadanosek erreforma tramitera ez onartzea eskatu du eta PSCk, ostera, berriz aztertzea. Mahaian gehiengoa duten JxCat eta ERCk, berriz, abokatuei txostena eskatzea onartu dute.

Edozein kasutan, Puigdemonten urrutiko inbestidura errefusatu zuten Parlamenteko abokatuek urtarrilaren erdialdera egindako txostenean. Inbestidura presidentegaiaren parte-hartze "zuzen eta pertsonalarekin" egin behar dela azpimarratu zuten orduan legelariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika Kataluniako erreferenduma gaur Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès