Politika -
NAFARROA
Laura Perez Nafarroako Ahal Duguren idazkari nagusi ohia alderditik kaleratu dute
Perezek Ahal Duguren parlamentari izaten jarraituko du Nafarroako Parlamentuan.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Ahal Duguren Berme Batzordeak Laura Perez idazkari nagusi ohi eta parlamentaria alderditik kaleratzea adostu du, alderdiaren "kode etikoa larri urratzeagatik" espedientea zabaldu ostean.
Atzo (astelehena) jakinarazi zioten Perezi kaleratzea, EFE albiste agentziari parlamentariak berak jakinarazi dionez. Hala ere, Perezek ez du horren inguruko iritzirik emango erabakia bere taldekideekin aztertu arte.
Nafarroako Ahal Duguren Herritarren Kontseiluak Parlamentuko akta uzteko eskatu zien atzo Perezi eta zuzendaritzarekin kritiko diren beste hiru kideei, eta akta "beste kide batzuen esku uzteko" eskatu zien, "barne tentsioa gutxitu eta bizikidetza hobetze aldera".
Carlos Cousok, Fanny Carrillok, Laura Perezek eta Ruben Velascok "jokabide antidemokratikoa" izan dutela uste du Herritarren Kontseiluak, euren gain hartu baitute alderdiaren zuzendaritza eta ordezkaritza publikoa.
Perezek talde parlamentarioan jarraituko du
Carlos Couso (Laura Perezen kideetako bat) Nafarroako Ahal Duguren bozeramailearen hitzetan, Perezek Ahal Duguren talde parlamentarioan jarraituko du.
Cousoren ustez, "Laura Perez talde parlamentarioan egongo da inork beste ezer esan ezean". "Taldeetan independentistak eta beste mota bateko kideak daude; alde horretatik ez dago arazorik", esan du.
Nafarroako Ahal Duguren zuzendaritzarekin kritikoak diren parlamentariak gehiengoa osatzen dute Nafarroako Parlamentuan, zazpi parlamentaritik lau baitira kritikoak.
Couseren arabera, Laura Perez babesten duten parlamentariek batzarra deituko dute "oinarriek erabaki dezaten hemendik aurrera zer egingo duten".