Politika -

Barne zatiketa

Nafarroako Ahal Duguk akta uzteko eskatu die lau parlamentari kritikoei

Herritarren Kontseiluaren arabera, "ezin da onartu demokratikoki aukeratutako erakundeak publikoki gutxiestea".

Laura Perez, parlamentari kritikoetako bat, artxiboko irudi batean. EFE
Laura Perez. EFE
Laura Perez, parlamentari kritikoetako bat, artxiboko irudi batean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Ahal Duguren Herritarren Kontseiluak Parlamentuko akta uzteko eskatu die gaur zuzendaritzarekin kritiko diren lau kideei —Carlos Couso, Fanny Carrillo, Laura Perez eta Ruben Velasco—, alderdiaren kode etikoa urratu dutela argudiatuta.

Herritarren Kontseiluak, "alderdiaren goi organoa" den aldetik, lau parlamentariei akta "beste kide batzuen esku uzteko" eskatu die, "barne tentsioa gutxitu eta bizikidetza hobetze aldera".

Organo horrek ohar batean azaldu duenez, "Nafarroako Ahal Dugu osatzen dugunok antolatzeko dokumentu jakin batzuk eta kode etiko bat ditugu, militanteek eta ordezkari parlamentarioek beti errespetatu eta bete beharrekoak".

Herritarren Kontseiluaren arabera, lau parlamentariek "modu arduragabe eta antidemokratikoan" jokatu dute Ahal Duguren ordezkaritza eta zuzendaritza publikoa bere gain hartuta."Talde parlamentarioaren araudia eta Nafarroako Herritarren Kontseiluaren eskuduntzak gutxietsi dituzte", erantsi dute.

Horren aurrean entzungor jokatu ezin duela azpimarratu du Herritarren Kontseiluak. "Ezin dugu onartu demokratikoki aukeratutako erakundeak —Idazkaritza Nagusia, Koordinazio Kontseilua eta Berme Batzordea— gutxiestea eta sektariotzat eta antidemokratikotzat jotzea".

 

 

Oinarrien erabakia kontuan hartuko dute kritikoek

Carlos Couso Nafarroako Ahal Duguk Parlamentuan duen bozeramaile eta kide kritikoetako batek ez du argitu zer egingo duten. Nabarmendu duenez, "barne bideen bidez ari gara erantzuten, baina edonola ere, oinarrien iritzia aintzat hartuta erabakiko dugu". Bozeramaileen Batzordearen bilera zegoen gaur Nafarroako Ganberan, eta Cousori bertan galdetu diote auziaren inguruan. Orain arte Mikel Buil zen eleduna, baina gehiengoa duten kritikoek kargutik kendu berri dute, Cousoren mesedetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Alderdi politikoak bideoak Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Nafarroa