Politika -
Epaiketa
Rubalcaba: 'Egin behar genuena egin genuen, baina gaizki atera zen'
Arnaldo Otegiren hitzak gezurtatu ditu Barne ministroak eta Anoetako dokumentua ez zutela adostu gaineratu du.
Erredakzioa
Arnaldo Otegiren hitzak gezurtatu egin ditu Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak (Zapaterok Anoetako proposamena ''baloratu'' zuela gogorarazi du Otegik). "Bere egunean egin behar genuena egin genuen, nahiz eta gaizki atera zen", gaineratu du.
Zentzu horretan, sozialistek Anoetako dokumentua adostu ez zutela esan du. "Defentsa eskubidea ulertzen dut, baina gauza batzuk ezin dira esan. Egin behar genuena egin genuen, baina ez zen ondo atera", azaldu du.
Zentzu horretan, "ETAren amaierarako bide bat zegoela esan zuten irmotasun berdinarekin azken urteetan egindako politikak hona arte ekarri gaitu", erantsi du.
"Gaur egun ETAren barnean dagoen eztabaida T-4ko atentatuarekin hasi zen", adierazi du Rubalcabak erakunde terroristarekin 2006an izandako negoziaketak justifikatzeko.
"Su-etena ez da nahikoa"
Bestalde, ETAren amaiera hurbil ikusten duela esan du Rubalcabak, baina epe laburrera gertatuko denik ez du uste, eta "orain su-eten hitzak ez duela balio", azpimarratu du.
"Estatuak ez dio ETAri su-eten mugaturik, mugagaberik, iraunkorrik, ezta hedagarririk eskatu ere", azaldu du Barne ministroak.
"Aldi baterako su-etena ez da nahikoa, horrek lehen balio zuen", azpimarratu du presidenteordeak. "Gobernu demokratikoak, guztiak, elkarrizketaren bidez ETArekin amaitzen saiatu dira, baina bandak negoziaketa behin eta berriz hautsi du", gaineratu du.