Politika -

Katalunia

Torrentek Estrasburgora jo izanak aurrez aurre jarri ditu JxCAT eta ERC

JxCATen iritzian, Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegitea aurkezteak Pugidemonten defentsarako estrategiari kalte egin diezaioke. ERCk kritikak alboratzea eta negoziazioari heltzea eskatu du.

Gemma Geis eta Eduard Pujol JxCATeko diputatuak. Argazkia: EFE
Gemma Geis eta Eduard Pujol JxCATeko diputatuak. Argazkia: EFE
Gemma Geis eta Eduard Pujol JxCATeko diputatuak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Junts per Catalunyari ez zaio gustatu Roger Torrent Kataluniako presidenteak Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegitea aurkeztu izana, urrats horrek Carles Puigdemonten defentsarako estrategiari kalte egin diezaiolakoan.

Eduard Pujol eta Gemma Geis JxCATeko diputatuak "harrituta" agertu dira, Torrentek erabaki hori "bere kabuz, modu aldebakarrean" hartu duelako.

Puigdemonten inbestidura ahalbidetzeko bermeak "Estrasburgora joan barik, Parlamentuko araudian bertan" topatu daitezkeela azpimarratu du Pujolek. "Hori sinestea eta martxan jartzea da egin behar duguna", erantsi du.

Aurretik Puigdemontekin hitz egin gabe Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo izan ulertezina dela esan du Pujolek, eta horrek Puigdemonten defentsarako estrategian eragin negatiboa izan dezakeela ohartarazi du.

"Inoiz Estrasburgora joan behar badugu, joango gara, baina horri aurrerago izango da, Kataluniako auziarekin, Estatuak egindako kalte guztiak salatzeko", azpimarratu du.

Gemma Geis diputatuak azaldu du Puigdemont "diskrezioz" ari dela bere estrategia juridikoa lantzen eta, beraz, beste edozein ekinbide judizial modu paraleloan jorratu beharko litzatekeela.

"Hobe izango zen aurretik Puigdemontekin hitz egin izan balu", gaineratu du.

Bestalde, Puigdemonten inbestidura-saioa bera Parlamentuan egon barik egitea ahalbidetuko lukeen lege-aldaketarako proposamena eztabaidatzeko bileraren data oraindik zehaztu ez duelako ere "harrituta" agertu dira JxCATeko diputatuak.

Nolanahi ere, gai hori hurrengo bileran aztertuko dutenaren itxaropena erakutsi dute.

Kritikak albo batean uzte eskatu du ERCk

Bestalde, ERC "harrituta" agertu da Junts per Catalunyak Roger Torrenti egindako kritikak direla eta, "Kataluniako Parlamentuko presidenteak JxCATek egindako proposamen bat praktikara eraman duelako Estrasburgora jota".

Sergi Sabria ERCko bozeramaileak azaldu duenez, Carles Puigdemontek babesa eskatu zion Parlamentuari eta Torrentek eskakizun horri bide eman dio Giza Eskubideen Europako Auzitegian helegitea jarrita.

Agerraldia egin aurretik, Torrentek Josep Costa (JxCAT) Kataluniako Parlamentuko presidenteordearekin hitz egin duela bere asmoen berri emateko eta honek ez diola kontrako ezer esan gaineratu du Sabriak.

"Hau guztia ez da serioa, ezta justua ere", azpimarratu du. Horrela bada, "kritikak  eta trapu zikinak" albo batean uzteko eta indar soberanisten arteko negoziazioari berriro heltzeko deia egin du.

Sabriak berretsi egin du bere alderdiarentzat ezinbestekoa dela "akordio global bat" lortzea, inbestidura ahalbidetzeko, gobernu eraginkor bat osatzeko eta legegintzaldirako programa bat zehazteko.

"Guztiok helburu bera dugu", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika Kataluniaren independentzia Gaurko azken ordukoa Kataluniako Hauteskundeak gaur Puigdemont gaur JxCat azken ordua