Politika -

Ustelkeria PP-ren baitan

Granadosek PPren finantzazio ilegalarekin lotu ditu Cifuentes, Aguirre eta Gonzalez

Madrilgo PPko buruzagi ohiaren esanetan, Ignacio Gonzalezek eta Cristina Cifuentesek hartzen zituzten erabakiak, baina den-dena Esperanza Aguirre jakitun zela egiten zutela erantsi du.

Francisco Granados Auzitegi Nazionaletik atera ostean. Argazkia: EFE
Francisco Granados Auzitegi Nazionaletik atera ostean. Argazkia: EFE
Granadosek Cifuentes, Aguirre eta Gonzalez lotu ditu Punica auziarekin

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Granados Madrilgo Alderdi Popularraren idazkari nagusi izandakoak deklaratu du gaur goizean Auzitegi Nazionalean 'Punica auzia'ren baitan.

Cristina Cifuentes Madrilgo erkidegoko egungo presidentea eta Ignacio Gonzalez eta Esperanza Aguirre presidente ohiak PPren legez kanpoko finantzazioarekin lotuta daudela esan du, Europa Press agentziak zabaldu duenez.

Alderdia Ignacio Gonzalezek zuzentzen zuela eta talde horretan Cristina Cifuentes zegoela azaldu du. Talde horri egotzi dio 2007ko eta 2011ko hauteskunde autonomikoetan Esperanza Aguirrerentzat "kanpaina paralelo bat" antolatu izana.

Halaber, Esperanza Aguirrek jakin gabe alderdian eta Madrilgo Erkidegoan ezer egiten ez zela azpimarratu du.

Europa Pressen aipatutako iturrien arabera, Madrilgo PPko idazkari nagusi izan zen urteetan erabakirik hartzeko ahalmenik izan ez zuela esan dio Granadosek epaileari.

Alderdia Ignacio Gonzalezek eta bere taldeak zuzentzen zutela eta talde horretan Cristina Cifuentes, Borja Sarasola Ingurumen kontseilari ohia, Jaime Gonzalez Taboada senataria eta Isabel Gallego Esperanza Aguirreren Komunikazio zuzendari ohia egon zirela zehaztu du.

Granadosek adierazi du 2007ko eta 2011ko hauteskundeetan ohartu zela Gonzalezek kontrolatzen zituela "kanpaina paraleloak". Kanpaina horiek legez kanpoko diruarekin finantzatzen zirela ziur agertu da, horretarako frogarik ez duela aitortu arren.

Garai hartan Gonzalezek eta Cifuentesek harreman sentimentala izan zutela eta ondo konpontzen zirela esan du. Baina harremana hautsi zutenean Cifuentes Gonzalezen zuzendaritza taldetik kanpo geratu zela gaineratu du.

Epailearen aurrean hiru orduz egon da eta tarte horretan hainbat aldiz esan du Madrilgo PPren idazkari nagusi kargua berak izan bazuen ere, Gonzalezek eta haren taldeak agintzen zutela alderdian eta erabaki guztiak Esperanza Aguirreri jakinarazi ostean hartzen zituztela.

Gaurko saioan abokatuaren galderak soilik erantzun ditu. Otsailaren 20an, berriz, berriro deklaratu beharko du eta orduan gainerako aldeen galderak erantzun beharko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Popularra Alderdi politikoak albisteak Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Albisteak Madril gaur