Politika -

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Zapaterok Anoetako proposamena 'baloratu' zuela gogorarazi du Otegik

Epaiketak ostiral honetan jarraituko du. Jesus Eguiguren PSEko presidenteak eta Gorka Landaburu kazetariak defentsaren lekuko gisa deklaratuko dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak hasiera eman dio gaur goizean Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiaren aurkako epaiketari, 2004ko azaroaren 14an Anoetako belodromoan egindako ekitaldian terrorismoa goratzea egotzita. Joseba Permach eta Joseba Alvarez mahaikide ohiak ere eseri dira akusatuen aulkian.

Aldez aurretiko gaien eztabaidan, epaimahaiak errefusatu egin du herri akusazioak, Ermuko Foroak, desobedientzia eta legez kanpo batzartzea egotzi ahal izatea. Horrenbestez, terrorismoa goratzea leporatuta baino ez dituzte epaituko hiru auzipetuak.

Deklaratzen lehena Arnaldo Otegi izan da. Akusazioen galderei erantzuteari uko egin dio, eta beraz, bere defentsaren galderekin baino ez du egin.

Batasuneko bozeramaile ohiak azaldu du Anoetako ekitaldiaren helburua "gatazka modu baketsuan eta politikoan konpontzeko ezker abertzaleak zuen proposamena azaltzea" zela. Halaber, proposamen hori "Gobernuko presidenteak eta guzti" baloratu zuela gogorarazi du.

Nolanahi ere, epaileak galarazi egin dio proposamen horren edukia azaltzea, hori ez dela epaitzen ari dena argudiatuta. "Ez dut onartuko zure filosofia politikoa azaltzea", ohartarazi dio, Jone Goirizelaia abokatuaren protesten artean.

Otegiren esanetan, garai horretan ezker abertzaleak "harreman askotarikoak" zituen eragile politikoekin, "Alderdi Sozialistarekin barne". "PSOEk ekitaldia egingo zela bazekien?", galdetu dio abokatuak, eta bozeramaile abertzale ohiak baietez erantzun du, baina, une horretan, epaileak esan du galdera ez dela egokia eta, ondorioz, ez dute kontuan hartuko epaiketan.

Permachek partehartze "txikia" izan zuen

Ekitaldiaren helburua ETAri omenaldia egitea ote zen galdetu dute. Permachek beretsi du "bake proposamen bat aurkezteko" egin zutela, eta dokumentu hori hainbat alderdi politikoei eta sindikatuei aurretik aurkeztu ziotela gaineratu du.

Zentzu horretan egun batzuk arinago Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin egindako bilera gogoratu du Permachek. Kazetariak tokitik bota zituztenean aurrean egon ez zela eta ''zutabeak'' banatzen ez zuela inor ikusi azaldu du ezker abertzaleko kideak.

Alvarez: "Bake proposamena aurkeztu genuen"

Joseba Alvarez izan da deklaratzen hurrengoa. Bere hitzetan, "ETA goratu izan balitz, ekitaldia ez luke horrenbesteko arrakasta izango". "ETAren indarkeria edo militantzia goratzea ez zen ekitaldi horren helburua, bake proposamen bat aurkeztea baizik".

Egun horretan politiko askok ekitaldia begi onez ikusi zutela berretsi du Alvarezek, tartean Zapatero presidentea.

Belodromoa ohiko pausoak segituta alokatu zutela esan du Alvarezek, beste kasuetan aretoak alokatu izan diren modu berean. 13:55etan amaitu du deklarazioa.

Belodromoa berak alokatu zuela onartu du. Lan hori bere gain hartu zuen Donostiako Udalean hamaika urtez zinegotzi lanak egin zituelako, eta donostiarra delako.

Hala ere, agertokiaren muntaian ez zuela parte hartu eta bideoak ez zituela berak aukeratu azaldu du. Ekitaldiaren "mami politikoaz" informazioa bazeukala onartu du, eta hainbat pertsonek hitz egin zutela gaineratu du. "Otegiren hiru orduko hitzaldi bat gehiegi litzateke", ironiaz esan du.

Belodromoan ikusi ziren bideoei buruz, ETAko kideren izen-abizenik ez zela agertu adierazi du Permachek. Independentziaren eta presoen askatasunaren aldeko oihuak entzun zituela onartu du, baina ez ETA goratzekoak.

Segurtasun Indarren deklarazioa

Anoetako mitinean izan ziren bi guardia zibilen hitzetan, Otegi "buruzagi ukaezina" izan zen; "jendeak txaloka adoretu zuen, egoera bere menpe zuen". Dena den, bere hitzaldia "izaera politikoa" izan zuela adierazi dute.

Bestalde, Donostiako Polizia Nazionaleko komisario buruaren hitzetan, Anoetan Batasuneko bozeramaile ohia "abertzaleei zuzendu zen, eta ez zuzenean ETAri"; ildo horretan, Otegik "militante abertzaleei, zinegotziei eta udalak kudeatzen dituzten guztiei" eskerrak eman zizkiela berretsi du.

Era berean, gertakizunaren argiketa bideratu zuten bi ertzainek ziurtatu dutenez, Iñigo Balda izan zen belodromoaren alokairua eskatu zuena, posta elektronikoan agertzen zenaren arabera. Hura hiru akusatuekin batera auzipetu zuten, nahiz eta geroago prozesamendutik kanpo geratu. Horrek zehaztu duenez, "argi uzten" zuen eskaera Joseba Alvarezek egin zuela.

Bi agenteek ez zeudela gertakizunean onetsi dute, nahiz eta telebistako hainbat irudiren bidez ETAko atxilotuen argazkiak azaltzen zirela egiaztatu eta bertaratutako pertsonek ETA goratu zutela erakutsi zuten, "inori ezin zaizkiola egotzi" adierazi arren.

Pertsona ezagunak aretoan

Peio Urizar EAko idazkari nagusia eta Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea Auzitegi Nazionalera bertaratu dira, auzipetuei babesa erakusteko. Haiekin batera, Rufi Etxebarria, Miren Legorburu eta Juan Jose Petrikorena ezker abertzaleko buruzagiak.

Angelez Pedraza AVTko presidentea, Inma Castilla de Cortazar Ermuko Foroko burua eta Daniel Portero Dignidad y Justiciako presidentea ere aretoan daude.

Aldeen argudioak

"Anoetako Adierazpena"

Defentsaren hitzetan, ekitaldi horretan "gatazka politikoa konpontzeko metodo bat" proposatu zuten, elkarrizketa eta eskubideak oinarri hartuta, "indarkeriarik gabeko testuinguruan proiektu politiko guztiak gauzagarri izango liratekeen esparru demokratikoa sortzeko".

Jone Goirizelaia abokatuak azaldu zuenez, epaiketan argudio "teknikoak" erabiliko dituzte, baita "politikoak" ere, Otegi kartzelatzea "erabaki politikoa" izan baitzen.

Teresa Sandoval fiskalaren arabera, "ekitaldia, alderdia eta bozeramailea legez kanpokoak dira" esaten eman zion hasiera hitzaldiari Otegik.

Ministerio Publikoak azaldu du ekitaldian atxiloketen, ETAren agirien eta presoen aldeko pintaden irudiak erakutsi zituztela, pantaila erraldoi batzuen bidez, "erakunde terrorista goratzeko asmo argiarekin". Hilik dauden ETAko kideen irudiak ere jarri zituzten.

Halaber, fiskalak gogorarazi du belodromora bertaratu ziren jarraitzaileek "Gora ETA militarra" eta "ETA, herria zurekin" aldarriak egin zituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea