Politika -

Presoak

Urtebeteko zigorra ezarri diote Iratxe Sorzabali, Capbretongo atentatuarekin lotuta

Epaiketako azken hitzean, Sorzabalek azpimarratu du bere ideia politikoak "bide politikoen bidez" defendatuko dituela.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Justiziak urtebeteko kartzela-zigorra ezarri dio Iratxe Sorzabal ETAko kideari Capbretongo atentatuarekin lotura duelakoan.

2007ko abenduaren 1ean bi guardia zibil hil zituen ETAk Capbretonen.

Parisko Auzitegiak ebatzi du Sorzabalek ez zuela hilketan parte hartu, baina atentatuaren egileek ihes egiteko erabili zuten ibilgailu batean topatutako zenbait objektutan bere aztarnak eta DNA arrastoak aurkitu zituzten.

Hori dela eta, urtebeteko zigorra ezarri diote, terrorismo delitu bat egotzita.

Parisko Auzitegiren arabera, Mikel Karrera Sarobek hil zituen tiroz bi guardia zibilak. Bizi osorako espetxealdia ezarri zioten horregatik.

Epaiketa amaitu aurretik hitza hartu du Sorzabalek eta azpimarratu du bere ideia politikoak "bide politikoen bidez" defendatuko dituela soilik.

Espainia Estatu demokratikoa ez dela salatu du, eta Kataluniako gatazka politikoa eta Euskal Herrian atxilotuen aurka tortura erabili izana horren erakusgarri direla erantsi du.

Ildo horretan, Sorzabalek gogora ekarri du Guardia Zibilak 2001ean atxilotu zuenean, "bost egunez eta bost gauez" torturatu egin zutela. Hilabete batzuk geroago, irailean, kargurik gabe aske utzi zuten.

Horrez gain, Espainia eta Frantziako gobernuak Euskal Herriko bake-prozesua "oztopatzen" aritu direla salatu du. Nolanahi ere, 2017ko apirilaren 8an ETAren "erabateko armagabetzea" eman zela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Presoak Frantzia Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak