Politika -
Parisko Auzitegia
Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbide ETAko kideak zigortu ditu Frantziak
Lesakari sei urteko espetxe-zigorra ezarri dio Frantziako Justiziak, eta Iturbideri bost urteko kartzela-zigorra. Biak 2012ko urrian atxilotu zituzten, Macon hirian.
Agentziak | Erredakzioa
Izaskun Lesakari sei urteko espetxe-zigorra ezarri dio gaur Frantziako Justiziak, eta Joseba Iturbideri bost urteko kartzela-zigorra. Biak 2012ko urrian atxilotu zituzten, Macon hirian (Frantziako ekialdea). ETAko talde logistiko eta militarraren kideak ziren.
Fiskaltzak eskatutako zigorrak baino txikiagoak ezarri dizkie Parisko Auzitegiak. Fiskalak Lesaka Arguellesi (Iruña, 43 urte) 12 urteko zigorra ezartzea eskatu zuen, eta zortzi urtekoa Iturbide Ochotecori (Lesaka, Nafarroa, 40 urte).
2007ko urriaren 10ean, Labema enpresan egindako lapurregatik, Lesaka absolbitu dute epaileek. Loretteko (Frantziako hego-ekialdea) enpresan ETAko talde batek 2.116 litro nitro-metano lapurtu zituen, lehergailuak egiteko erabiltzen zen erregaia, alegia. Lesaka susmagarrietako bat zen.
Gasolina bidoi baten tapoian bere DNA utzi zuen Lesakak, hori zen bere aukako froga bakarra. Labeman lapurtutako bi ibilgailuri su emateko erabili zuten gasolina, eta egun batzuk geroago agertu zen.
Frantzian Lesakari ezarritako hiru zigorrak (lau, sei eta 14 urte) azken honekin bat-egitea eskatu zuen defentsak, eta magistratuek eskaera onartu egin dute.
Praktikan Lesakak 14 urte espetxean eman beharko dituela esan nahi du horrek. Epaimahaiak Ministerio Publikoaren eskakizuna onartu izan balu, aldiz, kartzelan 20 urte eman beharko lituzke.
Euroagindua
Jacqueline Audax epaimahaiko presidenteak zehaztu duenez, Iturbidek dagoeneko gaur ezarritako zigorra bete du espetxean, baina kartzelan jarraituko du Espainiaratu bitartean; izan ere, Madrilgo Auzitegi Nazionalak epaitzea eskatu eta Frantziako Justiziak oniritzia eman zuen.
Biak 2012ko urriaren 28an atxilotu zituzten, Macongo hotel batean. Atxiloketaren unean bi pistola, munizioa, nortasun agiri faltsu ugari, ETAren agiriak, estortsioko 13.825 euro eta lapurtutako auto bat atzeman zizkieten, baita lehergailuak egiteko osagaiak ere.
Armagabetzea
Orduan atzeman zizkiotena eta aurreko zigorrak kontuan hartuta, ETAk borroka armatua uzteko erabakian (atxiloketa baino urtebete lehenago iragarri zuten) eta armagabetzean lagundu ez zutela argudiatu du fiskalak epaiketan.
Hala ere, epaileek eztabaidatzera alde egin baino lehen, atxiloketa baino lehen, klandestinitatean, armagabetze prozesuan inplikaturik zeudela ziurtatu dute bi auzipetuek goizean.
ETAk borroka armatua behin betiko uzteko erabakiarekin konpromisoa agertu dute Lesakak eta Iturbidek. Espetxetik ateratzen direnean “bide beretik” jarraituko dutela erantsi dute.