Politika -
46 boto aurka, eta 29 alde
Legebiltzarrak frankismoaren biktimak erreparatzeko legea tramitatzea arbuiatu du
Proposamenak EAJren, PSE-EEren eta PPren botoak izan ditu aurka; ekimenaren bultzatzailea zen EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, aldeko botoa eman dute.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak erabaki du ez tramitatzea memoria historikoko lege-proposamen bat, alegia, frankismoaren biktimak erreparatu eta aitortzeko lege-proposamena. Ostegun honetan arbuiatu du tramitazio hori, EAJren, PSE-EEren eta PPren kontrako botoekin; ekimenaren bultzatzaile EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, aldeko botoa eman dute.
Ganberan, hala, kontrako 46 boto eman dituzte, eta 29 alde, eta, ondorioz, ez dute aintzat hartu EH Bilduren proposamena. Azaroan ere gauza bera gertatu zen, Elkarrekin Podemosek aurkeztutako beste ekimen batekin. Hain zuzen ere, kasu hartan proposamena frankismoaren biktimentzako erreparazio juridikoaren gainekoa zen; bertan, besteak beste, eskatzen zuten 1936tik 1978ra arte bideratutako prozedura judizial guztiak legearen aurkakotzat jo zitzatela.
Proposamen hori ez zuen Legebiltzarrak onartu; izan ere, EAJ eta PP horren aurka azaldu ziren. PSE abstenitu zen, eta Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk aldeko botoa eman zuten.
EAJren eta PSE-EEren argudioak
Ostegun honetako saioan, eta aurkako euren botoa azaltzea xede, EAJk eta PSEk adierazi dute Euskadin badagoela frankismoaren biktimak erreparatzeko araudia. Horrez gain, alderdi horien iritziz, EH Bilduren proposamena autonomia-erkidegoaren eskumenetatik haratago doa.
Eusko Jaurlaritzan bazkideak diren EAJk eta PSEk gogorarazi dute, halaber, beste parlamentu-ekimen bat ere dutela aurkeztua; horretan, eskatzen zaio Gogora Institutuari txosten bat egin dezala, frankismoaren biktimak aitortu eta erreparatzeko lanetan zein behar ikusten dituen zehazteko.
EH Bilduren proposamenak gaur amaitu du Legebiltzarrean egin ahal zuen bidea; 45 artikulu zituen, eta, besteak beste, ondorengo kasuetarako erreparazioa mahaigaineratzen zuen: exekuzio judizial edo estrajudizial gisako hilketarako, lan esklaborako, torturarako, tratu txarretarako, haurren lapurretarako, eta kontzentrazio-esparruren batean egon direnentzat.
EH Bilduren proposamena
EH Bilduk proposatzen zuen Gogora Institutuak (Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideetako Institutua da) aukera izan zezan ofizioz edo biktimak eskatuta jarduteko, kasua ikertzea xede; gerora, hainbat adituk osatutako Egiaren Batzorde batek zehaztu beharko zituen erreparazio-neurri egokiak.
Hainbat kalte-ordain aurreikusten zituen; 500.000 euro, elbarritasun handiko kasuetarako, eta 250.000 euro heriotzagatik, 1959tik 1978ra arteko biktimentzat. Terrorismoaren biktimentzako kalte-ordainen parekoak izango ziren hauek.
1936tik 1959ra arteko biktimen kasuetan, kalte-ordainak txikiagoak izango ziren; izan ere, aurreko dekretu batzuek aitortzen dituzte, dagoeneko, epe horretako biktimak.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak deitoratu du legeak jasotako kontrako botoa, batez ere PSE-EEk emandakoa; EAJri eta Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu die ez dutela borondaterik horrelako ekimen bat Legebiltzarrera eramateko.
Ildo horretan bertan, Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezek galdegin du araudia osatuago egon beharko litzatekeela, frankismoaren zauriak itxi ahal izateko; haren iritziz, azkenean, memoria historiko lege bat onartuko da Euskadin.
EAJko Iñigo Iturratek nabarmendu du Euskadin aspaldi hasi zirela lanean memoria historikoaren arloan, Gogorak egindakoa goraipatu du; esan du, halaber, lege-proposamen hau propaganda hutsa dela, eta Euskadiko araudia ez duela kontuan hartzen.
Rafaela Romero PSE-EEko legebiltzarkidearen esanetan, memoria historikoko euskal lege batek adostasun handiena beharko luke, eta horren alde egin du; EH Bilduren proposamena EAEren eskumen-eremuaz haratago doa, azaldu duenez, eta, onartu izan balitz, "bide zaila izango zuen auzitegietan".
Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak, azaldu duenean bere alderdiaren botoa, zehaztu du PP beti dagoela prest biktimak aitortu eta erreparatzeko, baina azpimarratu du EH Bilduren proposamenak ez duela bat egiten Konstituzioarekin, eta, gainera, 1977ko Amnistia Legea urratzen duela: "Haustura sozialak nahi ditu, legearen barruan daudela ematen duen arren".