Politika -

Anoetako ekitaldia

Otegiren, Permachen eta Alvarezen aurkako epaiketaren nondik norakoak

Fiskaltzak terrorismoa goratzea leporatzen die eta 18 hileko kartzela eta 12 urteko gaitasungabetzea eskatzen du. Batasunak "bide politiko eta demokratikoen" aldeko apustua egin zuen lehenengo aldiz.

Manu Gimenez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 11n hasiko da Auzitegi Nazionalean Arnaldo Otegi (dagoeneko kartzelan dago beste auzi baten harira), Joseba Permach eta Joseba Alvarez Batasuneko buruzagien kontrako epaiketa 2004ko azaroaren 14an Donostiako Anoetako belodromoan egindako ekitaldi politikoagatik.

Auziperatuei "terrorismoa goratzea" leporatzen diete, izan ere, Eloy Velasco epailearen arabera, 15.000 pertsona inguruk parte hartu zuten ekitaldian "ETAko kideen atxiloketak", komunikatuak, "azken 25 urteetan hil diren ETAko kideen eta Batasuneko buruzagien" irudiekin osatutako bideo bat jarri zuten publikoak "gora ETA militarra" oihukatzen zuen bitartean.

Gainera, epaileak dio Iñigo Balda (hasieran auziperatua, gero prozesutik kanpo geratu zen) eta Alvarez izan zirela belodromoa eskatu eta egokitu zutenak ekitaldia egiteko. Permachi eta Otegiri, berriz, ekitaldiaren hasierako eta amaierako hitzaldiak ematea eta prentsaurrekoetan ekitaldien berri ematearen ardura jartzen die beren gain.

Geldirik egon da prozesua bi urtez

Ekitaldi politikoaren auzia bi urtez egon da geldirik 2006ko otsaila (ETAk azken su-etena iragarri baino hilabete bat lehenago) eta 2008ko urria artean, Velascok Baldari deklarazioa hartu zion arte.

Prozesua 2006an hasi zen Gipuzkoako Fiskaltzak agindutako ikerketa batekin eta Candido Conde Pumpido Estatuko Fiskal Nagusia izan zen azken bultzada eman ziona "terrorismoa goratzea" akusazioa babestuta.

Hori horrela, Otegik, Permachek eta Alvarezek 2006ko otsailean deklaratu zuten Auzitegi Nazionalean eta bi urte igaro arte ez zen auziaren inguruan ezer aurreratu.

Defentsa eta akusazioa

Fiskaltzak 18 hilabeteko kartzela-zigorra eta 12 urteko gaitasungabetzea eskatuko du hiru auziperatuentzat terrorismoa goratzeagatik. Ermua Foroak, bere aldetik, herri-akusazioaren papera jokatuko du eta bost urteko espetxeratzea eta 20 urteko gaitasungabetzea eskatuko du aipatu delituagatik eta desobedientzia, legez kanpoko bilkura eta badaezpadako neurriak urratzea leporatuta.

Horren kontra, defentsak dio Anoetako ekitaldi politikoan ez zela deliturik egin. Hori horrela, Jone Goirizelaiak iragarri zuen argudio "politikoak" erabiliko dituela auziperatuen defentsan, Otegiren kartzelatzea ez baitzen "erabaki tekniko-juridikoa izan, erabaki politikoa baizik, Poliziak ikertutako eta eduki politiko jakina emandako txosten batzuetan oinarritzen baita".

Lekukoak

Orotara 22 lekukok eta 10 bat adituk deklaratuko dute alde guztiek eskatuta. Defentsak Eguigurenek eta Gorka Landaburu kazetariak lekuko gisa deklaratzea eskatu zuen.

PSE-EEren presidentea defentsaren lekuko izateak polemika handia sortu du politikagintzan. Sozialistek esan zuten Eguiguren epaiketara joango dela eta "Justiziari lagunduko" diola. PSOEk zehaztu zuen ez doala "nahi duelako", baizik eta "auzitegi batek eskatu diolako, eta Justiziari laguntzea da egin dezakeen onena".

PPk, aldiz, errezeloarekin ikusi du Eguigurenen deklarazioa, auziperatuei "mesede" egiteko aukera dagoelakoan.

Anoetako ekitaldia

2004ko azaroaren 14an, Batasunak mitina egin zuen Donostiako belodromoan "gatazka gainditzea" helburu zuen proposamen bat aurkezteko. Lehenengo aldiz, "bide politiko eta demokratikoetatik soilik" jarduteko apustua egin zuen ezker abertzaleak.

Proposamena bi elkarrizketa mahaitan oinarritzen zen: batean Espainiako Gobernua eta ETA egongo lirateke (armak uztearen, presoen eta biktimen inguruan eztabaidatzeko) eta bestean euskal alderdi politiko guztiak.

EAJren EBBk eta Ibarretxeren Jaurlaritzak "baloratu" egin zuten proposamena eta "positibo iruditzen zaigun bidean aurrerapausoa" zela esan zuten.

Era berean, Patxi Lopez lehendakariak, garai hartan PSOEren Lurralde Kontseiluko koordinadore zenak, "pauso bat" zela aitortu zuen, baina ez zela "espero" zutena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea