Politika -
Lantaldea
Estatus berrian 'independentziarako bidea' ikusten du PPk
Alderdi Popularraren hitzetan, “Gernikako Estatutua modu baketsu, eraginkor eta leialean betetzea autogobernuaren funtsezko tresna izan da, eta hala izaten jarraituko du”.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegorako estatus juridiko eta politiko berri baten onarpena “independentziarako bidean hurrengo geltokia” baino ez dela ohartarazi du gaur PPk.
Gernikako Estatutua erreformatzeko formulak aztertzeko sortu zuten lantaldea gaur bildu da, Eusko Legebiltzarrean. Talde politiko bakoitzak oinarrizko proposamen bat aurkeztu du.
PPren ahotan, “Gernikako Estatutua modu baketsu, eraginkor eta leialean betetzea autogobernuaren funtsezko tresna izan da, eta hala izaten jarraituko du”.
"Ongi funtzionatzen du"
Gernikako testuak “ongi” funtzionatzen duela eta “ezaugarri zehatzik” erreformatzeko beharrik egiaztatu ez dela defendatu du Alderdi Popularrak.
Gainera, “adostasun zabal bat merezi duen akordio transbertsal bat” lortzea zail ikusten du PPk, alderdien jarrerak elkarrengandik “oso urrun” direlako.
Katalunia
Haustura planteamendu horrek Euskadiren “egonkortasuna” arriskuan jarriko lukeela gogorarazi du Alderdi Popularrak. “Katalunia bere krisi instituzional okerrenera eraman duen deriba politikoak Euskadi ohartarazi” beharko lukeela gaineratu du.
“Estatutua erreformatzeko aitzakiarekin prozesu soberanista bat abiatzeak, autodeterminazio-eskubidea aldarrikatuz, ez luke euskal gizartea berriro zatitu eta elkarbizitza aztoratuko soilik, ondorio ekonomiko oso negatiboak izango lituzke”, azpimarratu du PPk.
“Autodeterminazio-eskubidea balizko testu batean barneratzeko” zenbait talde politikoren borondatea egiaztatu ahal izan dutela erantsi du PPk. “Euskal Autonomia Erkidegoarentzako estatus juridiko eta politiko berri bat izango litzateke, horrek estatutu erreforma batekin zerikusirik ez du”, nabarmendu du.
"Sezesio eskubidea"
“Abertzaleek nahi dutena ez da Estatutuaren erreforma bat”, esan du PPk. “Autogobernuaren likidazioa, figura instituzional zehaztugabe batekin ordezkatu nahi dute, euskal herria subjektu burujabe bezala aintzat hartuta, Espainiatik banatzeko sezesio eskubidearekin”, adierazi du.
PPren ahotan, planteamendu soberanistak berez “sistema konstituzionalaren haustura dakar, eta ironikoki bere hondamendian parte hartzera gonbidatzen zaio”.
Horregatik, “autodeterminazio-eskubidea estatus juridiko eta politiko berrian jasotzea, marra gorri hori ez zeharkatzea ezinbestekoa da, proiektu zatitzaileen mamua argi eta garbi baztertzeko”, azaldu du PPk.