Politika -

Presoak

Eusko Jaurlaritzak beste orientazio bat eman nahi dio espetxe-politikari 2018an

Espetxe-politika arloan akordioak egin nahi ditu Espainiako Gobernuarekin, Frantziako Gobernuarekin eta Parlamentuko taldeekin.

Erkoreka, prentsaurrekoan. Argazkia: Josu Erkoreka
Erkoreka, prentsaurrekoan.
Jaurlaritzak beste norabide bat bultzatu nahi du espetxe-politikaren arloan

1:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak akordioak adostu nahi ditu Espainiako Gobernuarekin, Frantziako Gobernuarekin eta Parlamentuko taldeekin, espetxe-politikari beste orientazio bat emateko

Gobernu Kontseiluak Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako Planaren jarraipena egiteko urteko txostenaren berri eman du gaur. 2017an egin diren ekimenen kudeaketaren eta betearazpenaren balantzea jaso dute bertan, baita 2018rako erronka nagusiak ere.

Josu Erkorekaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren erronka nagusia, batetik, ETAren aldebakarreko desegite eraginkorra eta behin betikoa izateko laguntzea da, eta, bestetik, terrorismoaren eta indarkeriaren ondoriozko giza eskubideen urraketak eragin duen justiziarik ezari buruzko hausnarketa kritikoa sustatzea.

Espetxe-politikaren harira, hurbiltzeari eta erantzun humanitarioez gain, gizarteratzeko politika aktiboak legalki garatu ahal izateko dekretuaren oinarriak adostu nahi dituztela esan du Erkorekak.

Halaber, giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 Legearen legezkotasuna eta konstituzionaltasuna defendatzea eta legean aurreikusten den Balorazio Batzordea abiatzea ere izango du helburu Jaurlaritzak, etenda ez dagoen guztian aurreikuspenak garatzeko, Konstituzio Auzitegiak Espainiako Gobernuaren errekurtsoari buruzko irizpena eman arte.

Bestalde, 2018an terrorismoaren biktimekin elkarrizketaren, lankidetzaren eta akordioaren eremuetan sakontzen jarraitzeko asmoa dauka Eusko Jaurlaritzak, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren eta AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen arteko lankidetzarako akordioen bidez.

Horrez gain, bizikidetzaren eta giza eskubideen hezkuntza eta kultura sustatzeko eremuan, biktima hezitzaileen Adi-adian Modulua unibertsitate-eremura zabaldu nahi du.

"Aukera oso handia dago" ETAren behin betiko amaiera aurten izateko

Bestalde, eta txostenak jasotzen duen ondorioetako beste batek zehazten duenez, "aukera oso handia dago" ETAren behin betiko amaiera aurten izateko, iazko armagabetzearen ostean; halaber, Jaurlaritzaren iritziz, "ezin da atzeratu" hausnarketa kritiko eta esplizitu bat terrorismoak eragindako minak dakarren justiziarik ezaren gainean.

Josu Erkorekaren esanetan, Jaurlaritzaren lehen erronka da laguntza ematea gauzatzeko "ETAren desegite aldebakarrekoa, benetakoa eta behin betikoa"; horrez gain, beste xede bat da bultzatzea "partekatutako hausnarketa kritiko bat", terrorismoak eta indarkeriak eragindako "giza eskubideen urratzeek ekarri izan duten minaren bidegabekeriari buruzkoa".

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, "Euskadiko bizikidetasun-jokalekua geldiarazi izan duten hainbat korapilo desblokeatu egin dira, pixkanaka-pixkanaka"; hala ere, aitortzen du oraindik badaudela zailtasunak eta egiteke dauden kontuak.

Guztiz beteta dauden helburuen artean, ETAren armagabetzerako eta egiaztatzerako babesarekin lotutako ekintzak daude. Agiriaren arabera, arlo horretan, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzak eta Giza Eskubideen Idazkaritza Nagusiak "parte-hartze eraginkorra izan zuten, 2017an, ETAren legezko eta behin betiko armagabetze atzeraezinean, azken hori errazteko bidean".

Hori egiaztatuta, hurrengo pausua izango litzateke ETA behin betiko desagertzea; Eusko Jaurlaritzaren iritziz, "aukera handia dago" hori aurten gauzatzeko.

Urtarrilaren 4an, Foro Sozial Iraunkorrak (Euskadiko bake-prozesua bultzaten duten hainbat erakunde eta lagun biltzen dira bertan) aurreikuspena egin zuen: 2018ko lehen seihilekoan "ETAren desmobilizazioa" iritsiko dela.

Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztutako balantzean zehazten duenez, Frantziako Gobernuak abian jarri ditu zenbait aldaketa espetxe-politikaren arloan, eta Espainiako Gobernuak onartu egin ditu aldaketa horiek. Frantziak aurreikusita du hurbiltzea Euskal Herritik gertuko kartzeletara euren kartzela-zigorrak amaitzear dituzten ETAko presoak; hori egiteko prozesua mailakakoa eta banan-banan eginikoa izango da.

Txostenean gogoratzen duenez, Eusko Jaurlaritzaren politika publikoen helburua da "egun dauden baldintza mesedegarriak babestu eta sendotzea"; horren asmoa izango litzateke "indarkeriaren amaiera ordenatuta burutzea, eta normalizazioa eta adiskidetasuna sendotzen jarraitzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Espainiako Gobernua argazkiak Presoak argazkiak Frantzia argazkiak Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak