Politika -
Estatutu politiko berria
EAJk onartu du autogobernu lantaldera eramango duen proposamena
Dokumentuaren inguruko xehetasunik ez du eman. Legebiltzarreko lantaldea datorren asteazkenean bilduko da.
Agentziak | Erredakzioa
Euzkadi Buru Batzarrak gaur onartu du EAJk autogobernu lantaldera eramango duen proposamena.
Lantaldea datorren asteazkenean bilduko da Legebiltzarrean eta ordura arte EAJk ez du dokumentuari buruzko xehetasunik emango.
EH Bilduk igandean aurkeztu zuen bere proposamena, Hernanin egindako ekitaldi batean. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak azpimarratu zuen estatutu politiko berria erabakitzeko eskubidea aitortu behar duela.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak erabakitzeko eskubidearen kontra agertu da, Espainiako Konstituzioak ez duelako bere baitan aitortzen. "Katalunian egin dute bide hori eta badakigu bidaia non amaitzen den", adierazi du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Euskadiko PPk astearte honetan aurkeztuko du bere proposamena. Borja Semper Gipuzkoako Alderdi Popularraren buruzagiak esan du EAJk eta EH Bilduk autodeterminazio eskubidea adosteko asmoa dutela eta horrek "ondorio kezkagarriak" izango lituzkeela.
Lander Martinez Ahal Duguko idazkari nagusiak ohartarazi du talde bakoitzak bereari eutsi gero, autogobernu lantaldea blokeatuta geratzeko arriskuan egongo dela.
Hori dela eta, berriro esan du erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida horretarako osatutako beste lantalde batean egin beharko litzatekeela.