Politika -
Memoriaren Eguna
Jaurlaritzak atsekabea agertu du adostasun ezagatik
Bestalde, Idoia Mendia bozeramaileak azaldu du lehendakariak dagoeneko amaitu duela ETAk "eraso ekintza armatuak" eten eta gero alderdiekin abiatutako bilera-sorta.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak atsekabe "handia" agertu du Legebiltzarreko talde guztien babesa ez duelako jaso Memoriaren Eguneko adierazpen instituzionalak, izan ere, "alderdi politiko guztiek terrorismoaren biktimei zor diegun omenaldia da, hainbeste sufritu eta gero".
Gobernu Kontseiluaren ostean emandako prentsaurreko batean, Mendiak azpimarratu du Memoriaren Eguna "memoria eta justizia ekitaldia" izango dela.
Hori dela eta, "alderdikeriak baztertu" eta PSE, PP, EAJ, UPyD eta EB adostasunera iritsi direla aipatu du, eta EA eta Aralar batu ez izana gaitzetsi. "Biktimen ondoan egon behar dugu hain berezia den egun horretan", berretsi du.
Zuhurtzia ETAren inguruan
Idoia Mendiak, bestalde, argitu du Jesus Eguiguren PSE-EEren presidenteak ETAren amaierari buruz egin zituen adierazpenak urriaren 21ean grabatuak izan zirela, eta ordutik, buruzagi sozialistak "beste adierazpen batzuk" egin dituela, "zuhurragoak".
Felipe Gonzalezen adierazpen "desegokiak"
Idoia Mendiarentzat "ez ziren egokiak izan" Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohiak egin dituen adierazpenak, ETAren buruzagiak hiltzeko aukera eman ziotela aitortu eta ezetz erabaki ostean ondo egin ote zuen zalantzan jarri zuelako.
Mendiak esan du Felipe Gonzalezek El Pais-i esandakoa "ibilbide historikoaren balantze moduko bat" izan zen.
"Baina adierazpen batzuei bakarrik egiten badiegu jaramon, ez dira oso egokiak", gaineratu du. Hala eta guztiz ere, Mendiak uste du "elkarrizketan azaltzen dituen gertakariak epaituta daude eta historiaren parte" direla eta ez dutela GAL auzia berriro irekiko.
Lehendakariaren bilera-sorta, amaituta
Bestalde, Patxi Lopez lehendakariak amaitu egin du dagoeneko ETAk "eraso ekintza armatuak" eten eta gero alderdiekin abiatutako bilera-sorta.
Gobernuburuak ez du zehetasunik eman, baina bileren helburua taldeen artean komunikazioa eta konplizitatea hobetzea dela azaldu du Idoia Mendia bozeramaileak.
Lehendakaria Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin batzartu da.