Politika -
Bruselatik
Puigdemont presidente izendatzeko negoziazioak 'oso ondo' doazela esan du JxCatek
Astelehen honetan JxCateko parlamentari gehienak Bruselan daude Puigdemontekin biltzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Generalitateko presidente izendatzeko negoziazioak "oso ondo" doazela esan du astelehen honetan Eduard Pujol JxCateko bozeramaile laguntzaileak Kataluniako Parlamentuan.
Bruselan emandako prentsaurreko batean esan du Pujolek Carles Puigdemont hautagai bakarra dela. Astelehen honetan, JxCateko parlamentari gehienak Bruselan daude Puigdemontekin biltzeko. Pujolen hitzetan, "Kataluniako politikaren nondik norakoak Bruselan daude gaur".
Pujolek azaldu duenez, oraingoz ez dago akordio sendorik inbestidurarako, baina "Puigdemontek presidente izan behar du, eta helburu hori lortzeko negoziazioak oso ondo doaz". Bestalde, baztertu egin du Presidentetza sinbolikoa, bide okerra dela uste baitu.
Horrez gain, "datozen egunotan" Generalitateko Gobernua osatzeko akordioa "gauza dadila" espero duela esan du Pujolek.
Era berean, "Kataluniako erakundeen gain dagoen 155. artikulua altxatzeko" negoziaziatzen ari direla esan du.
"Puigdemonten inbestidura lortzeko lanean ari gara, baita Kataluniako egunerokotasun politikoan normaltasunera itzultzeko ere, hori baita hautesleekin dugun konpromisoa", esan du Pujolek. Negoziazioak JuntsxCat, ERC eta CUP artean ematen ari dira.
Lluis Puig, Carles Puigdemont eta Clara Ponsati gaurko bileran, Bruselan. Argazkia:EFE.
Pujolek ez du baztertu "datozen orduetan akordioa adostea", baina parlamentariak ez dira Bruselatik aterako akordioa adostu dutelako "iragarpenarekin", herritarrei hori azkarregi esateak "mesede egiten ez dielako".
"Datozen orduotan ahalik eta aurrerapen handienak lortzen saiatuko gara", gaineratu du.