Politika -
Nafarroa
Alde kritikoko kide bat izango da Podemosen bozeramailea Nafarroako Parlamentuan
Horretarako abala eman du txosten batek. Orain arte bozeramaile izan den Mikel Builek esan du horren ondorioz Podemosen bozeramaile hautetsiak aurrerantzean "ahotsik gabe" egongo direla.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuaren zerbitzu juridikoek abala emanda, Podemoseko lau parlamentari kritikoetako bat izango da aurrerantzean Podemosen bozeramailea bertan. Hortaz, Carlos Cousok hartuko du bere gain orain arte Mikel Builek izandako kargua; Builen esanetan, horren ondorioz Podemosen bozeramaile hautetsiak "ahotsik gabe" egongo dira.
"Hemendik aurrera, Podemos-Ahal Dugu ez dute ordezkatuko ardura hori euren gain hartzen dutenek", esan du Builek komunikabideen aurrean esandako agur-hitzetan, Tere Saez orain arteko bozeramaile ondokoa lagun zuela.
Parlamentuko Mahaiak txostena jaso du. Parlamentuko bozeramaile batzuen iritziz, "eztabaidaezina" da, "ez du zalantza izateko aukerarik uzten". Iturri horiek nabarmendu dutenez, beharrezkoa da alderdi bateko barneko kontuek Parlamentuko jarduna ez oztopatzea eta, lauko Gobernuaren kasuan, politika-aldaketan eraginik ez izatea.
Mahaiak ez du baloratzerik
"Agur esan nahi genuen. Eskerrik asko hainbat aldiz eman diguzuen tratu onagatik. Datorren astelehenean izango duzue hemen bozeramaile berria", esan du Builek; gerora, aretoa utzi du, galderarik onartu gabe.
Hala hitz egin du Parlamentuko Mahaiak txosten juridikoa jaso duela esan ostean. Txostenak ondorioztatzen du alderdi politikoak eta parlamentu-taldeak bi errealitate juridiko direla, eta Ganberaren araudiak onartzen duela parlamentu-taldeek "autonomia izango dutela euren barneko antolakuntzari eta jarduerari dagokienez".
Testuinguru horretan, Mahaiak ez du iritzirik ematerik taldeetako barne kontuen gainean; bozeramaileen izendapenaren berri izan duela onartu behar du, baldintza guztiak betez gero.
Hala, Podemoseko zuzendaritzarekin kritiko direnen eskaerak abala jaso du (taldearen gehiengoa dute). Laura Perez idazkari nagusi ohi eta parlamentariari irekitako espedientearekin ez datoz bat kritiko horiek; eskatu zuten Carlos Couso eta Fanny Carrillo egungo bozeramaileak ordezkatzea.
Lau parlamentari horietako hiru (Carlos Couso, Laura Perez eta Ruben Velasco; Carrillo ez da bertan izan, bilera batean zegoen eta) komunikabideen aurrean azaldu dira, lasaitasun-mezua luzatzea xede; esan dutenez, aurkeztu zireneko programa politikoa babesten jarraituko dute, bai eta aldaketaren Gobernua sostengatzen duen akordio programatikoa ere. Hala eskatu diete euren bazkideek.
"Ez da hausturarik izan"
Parlamentu-taldearen egoeraz hitz egin duenean, Cousok esan du ez dagoela hausturarik, eta inor ez dagoela sobran: "Ez da agur esateko garaia, baizik eta berriro elkar topatzekoa eta adiskidetzekoa”.
Cousoren esanetan, guztiak ematen ditu alderdikidetzat; are gehiago, Builek nahi izango balu bozeramailea izaten jarraitu, "ez legoke arazorik", azaldu duenez.
Esan du "lasai" zeudela, espero baitzuten txostenak zehaztu duen hori bera esan zezan. Berretsi du aldaketa-eskaeraren arrazoia zela taldea alderdiko barne-gatazketatik kanpo izatea; garai hartan, uste zuten arriskua zegoela norbait kaleratuta izan zedin, horretarako bozeramailearen sinadura baino ez baita behar, baina orain, bermatu duenez, horixe ez da gertatuko.
Azaldu duenez, hemendik aurrera ez zaie inposatuko, kanpotik, beraiek ezagutzen ez duten akordiorik. Aurreko ostegunean gertatutakoa jarri dute adibide, azaltzeko zer saihestu nahi duten; egun hartan, hain zuzen ere, Carrillok boto-diziplina apurtu zuen, osoko bilkura batean.
Asanblada, larunbatean
Podemoseko zuzendaritzarekin dituzten erlazioez, kritikatu dute ezin izan zutela egon larunbateko Hiritar Kontseiluan; larunbaterako, asanblada deitu dute, Iruñean, asmoa izanik oinarriei gertatzen ari denaren gaineko azalpenak ematea.
Krisia sortu zuen espedienteaz, Laura Perezek nabarmendu du zigor mediatikoa izan zuela, baina kaleratze hori ekarriko lukeen zigorra frogatuta izan behar dela; berak akusazio guztien arbitrariotasuna erakutsiko duela esan du, bai eta ez duela araudi etikoa urratu ere. Esan duenez, zintzotasunez aritu izan da, eta, hortaz, espero du gaitasungabetzea bertan behera geratzea.
Kaleratze hori gauzatuz gero, Cousok esan du moduak daudela taldea ez zatitzeko, aukera dagoela elkarrekin jarraitzeko.
Echenique: "Komuneko proiektuaren zerbitzuan daude parlamentariak"
Podemos Nafarroan gertaturikoaren harira, alderdiko Antolakuntza idazkari Pablo Echeniquek ondorengoa ohartarazi du: "Gure taldeko parlamentariek komuneko proiektuaren barnean daude, eta proiektu horren mendean daude; hori ez badute betetzen, ondorioztatuko litzateke ez dute proiektua ordezkatzen, dagoeneko".
Bozeramaileen aldaketari dagokionez, Echeniquek nahiago izan du "ez eman iritzirik" lurralde-eskumeneko gaietan, eta Nafarroako Podemosen zuzendaritzak adostutakoa hartu du abiapuntu; dena dela, ohartarazi du diputatuek komuneko proiektuaren zerbitzuen daudela: "Inor ez da banaka aurkezten hauteskundeetara".
"Norbait proiektu batean badago aldaketa-egitasmo horren ordezkaria da, bai eta jendeak gauzak eta gizartea aldatzeko borondatearena ere; hori egiteari uztea erabakiz gero, ulertzen dugu ez duela ordezkatzen Podemoseko proiektua".
Laura Perezi irekitako diziplinazko espedienteaz haratago, Echeniquek adierazi du gertatutakoak agerian utzi duela "batzuek uste dutela proiektu hau aldaketa-baliabide bakarra dela, baina beste batzuek desberdin pentsatzen dutela; azken hori guztiz errespetagarria da, baina ez du zerikusirik Podemosekin".