Politika -
Kataluniako inbestidura
ERCk eta JxCatek, Bruselako bileraz: 'Negoziazioak bide onetik doaz'
Ez dute akordiorik lortu, baina bi aldeak pozik agertu dira. Puigdemonten alderdia gaur bilduko da Belgikan negoziazioak aztertzeko.
Agentziak | Errredakzioa
JxCat eta ERC alderdiek bilera egin dute asteburuan, eta, akordiorik lortu ez badute ere, negoziazioak "bide onetik" doazela azpimarratu dute bi aldeek. Puigdemonten inbestidura desblokeatzea dute helburu harremanok, Roger Torrent Parlamentuko presidenteak inbestidura-saioa atzeratzea erabaki eta gero.
Puigdemonten alderdiaren arabera (JxCat), bilera "eraikitzailea" izan da. "Inbestidura atzeratzeagatik galdutako konfiantza berreskuratzeko pausoa izan da", esan dute.
Gaur JxCATeko kideek bilera egingo dute Bruselan, negoziazioak aztertzeko.
ERCk ere irakurketa positiboa egin du, eta negoziazioa "bide onetik" doala erantsi du. Inbestidurak eraginkorra eta ondorio penalik gabea behar duela izan azpimarratu du azken egunotan.
Hori da, hain justu, negoziazioen gakoa: nola aukeratu Puigdemont presidente Parlamentuko Mahaiko kideak auzipetzea saihestuta? Auzitegi Konstituzionalaren epaiak ez du aukerarik uzten.
Astelehena, giltzarri
Presidentea aukeratzeko dagoen epea argitzeko gakoa izango da aste hau: gaur bertan, Parlamentuko legelarien txostena jakinaraziko dute. Parlamentuak bi hilabete ditu presidentea aukeratzeko, baina ez dago argi inbestidura-saioa atzeratuta bi hilabete horiek kontatzen hasi behar diren.
Asteartean iragarri zuen Torrentek inbestidura-saioa atzeratzeko erabakia. Halakorik, baina, ez da inoiz egin. Abokatuek zehaztu beharko dute, beraz, bi hilabeteko epe hori hasi den ala ez. Parlamentuko legelarien txosten hori, dena den, ez da loteslea.