Politika -
Polemika
Bonoren esanetan, Gonzalez izan da "presidenterik onena A-tik X-ra"
Gerenabarrenak (EAJ) uste du presidente ohiaren adierazpenekin "X gizona" nor zen "adierazi" duela. Zabaletarentzat (Aralar) "oso larriak" dira elkarrizketan esan dituenak.
Erredakzioa
Jose Bono Kongresuko presidenteak Felipe Gonzalez Gobernuko presidente ohia defendatu du gaur: "Inoiz ez diot eraso egingo Espainiak A-tik X-ra izan duen presidente onenari".
TVEn egin dioten elkarrizketa batean, Felipe Gonzalezi igandean El Pais egunkariak egin zion elkarrizketa izan du hizpide. Izan ere, presidente ohiak ETAren zuzendaritza hiltzea proposatu ziotela aitortu zuen.
Bonok esan du Felipe Gonzalez "munstro bat" zela politikan eta inoiz ez diola "eraso egingo Espainiak A-tik X-ra izan duen presidente onenari", Jose Luis Rodriguez Zapatero egungo presidentearen abizeneko lehenengo hizkia baztertuz.
Gerenabarrenak (EAJ) kritikatu egin ditu adierazpenak
Iñaki Gerenabarrena EAJren Arabako buruak gogor kritikatu du Gonzalezek ETAren buruzagiak hiltzea planteatu izana. Aitorpen horrekin, GAL auzian "X gizona" nor den "adierazi" duela iritzi dio buruzagi jeltzaleak.
Haren esanetan, adierazpenek agerian uzten dute "Zuzenbidezko Estatutuak giza eskubideekiko eta prozedura demokratikoekiko duen errespetu falta".
Era berean, "onartezin" jo du Espainiako presidente ohiak "sustrai politikoa duen arazo bat" horrela konpontzeko aukera aztertzea.
Zabaletak "oso larri"tzat jo ditu
Patxi Zabaleta Aralarren buruak "oso larri"tzat jo ditu Felipe Gonzalezen adierazpenak, Gobernuaren egituren "seriotasuna" eta "morala" zalantzan jartzen dituelako.
Zabaletaren arabera, "adierazpen horietatik ondorio nabarmenak atera daitezke: gerra zikinaren ardura zuzenean bere gain hartzen du. Horrek zalantzan jartzen ditu xehetasunetatik harago dauden gai batzuetan".