Politika -

Helegitea

Nafarroak tortura-txostenei bideratutako diru-laguntzei helegitea jarri die Espainiak

Foru agindu baten bidez, Nafarroako Gobernuak ebatzi zuen 30.000 euro erabiliko zituela eskuin-muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako gertaera bortitzak dokumentatzeko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak, foru agindu baten bidez, ebatzi zuen 30.000 euro erabiliko zituela dokumentatzeko eskuin-muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako gertaera bortitzak; orain, Espainiako Gobernuak, Nafarroan duen Ordezkaritzaren bitartez, helegitea jarri du foru agindu horren aurka.

Foru aginduak diru-laguntzetarako deialdia arautzen ditu; guztira, 30.000 euro erabiliko dituzte, xede izanik politika-motibazioa duten testuinguruetan Nafarroan eragindako giza eskubideen urratzeak ikertzea. Deialdi horretan, hiru proiektu aurkeztu zituzten: bi, Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak; hirugarrena, Euskal Herriko Unibertsitatearena. Azken horri, 17.900 euro eman dizkiote.

Gobernu espainiarraren Ordezkaritzak EFEri emandako informazioaren arabera, administrazioarekiko auzi-helegitea jarri dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren gelaren aurrean, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak emandako aginduaren aurka.

"Espainiako Gobernuaren iritziz, Foru Gobernua, diru-laguntzen deialdi hau argitaratuz, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren aurka ari da egiten; izan ere, eta Nazioko Gobernuak aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko helegitea tarteko, Konstituzionalak bertan behera utzi zuen eskuin-muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako gertaeren aitorpen eta erreparaziorako foru Legea", dio Nafarroako Ordezkaritzak.

Foru aginduaren bidez, Auzitegi Konstituzionalak debekatutako txostenak beste erakunde batzuek egin ditzatela eskatzen du Nafarroako Gobernuak; hala uste du Espainiako Gobernuak.

Ana Ollo kontseilariaren agerraldia

Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, bere aldetik, agerraldia egin du astearte honetan parlamentu-batzordean, UPNk eta PPNk eskatuta, EAEko Kriminologia Institutuak jasotako 17.900 euroko diru-laguntzari buruzko azalpenak emateko. Aipatutako Institutua Euskal Herriko Unibertsitateari atxikita dago, eta, helegitea jarrita duen foru agindua dela eta, Nafarroan izandako torturen gaineko txostena egin behar zuen.

"Batzuek Euskadiko Kriminologia Institutu horren aurka egin dute, nabarmen; prestakuntza handia duen unibertsitate-talde baten baliotasuna zalantzan jarri dute", esan du Ollok.

Saioan, Ollok gogorarazi du Euskadiko Kriminologia Institutua aurkeztu zela Nafarroan 1960tik izandako torturen eta tratu txarren gaineko ikerketari buruzko proiektu batekin; 2017rako, 17.000 euroko baino gehiagoko diru-laguntza jaso zuen.

"Deialdiaren denbora-mugen ondorioz, hori hurbilketa baino ez da izan, hainbat lan daude egiteke oraindik", zehaztu du. Ollok deitoratu du espedientea atzeratu izatea eta helegiteak jarri izatea; beste bi proiektu ezin izan dituzte gauzatu, horregatik.

Honela hitz egin du kontseilariak, PPNk azaroan jarritako helegiteaz eta Estatuko Abokatutzak aurkeztutakoaz: "Espero du tez bilakatzea epaile, eta ez erabakitzea zeinek egin ditzakeen akademia-ikerketak, eta zeinek ez". Esan duenez, Gobernuak bi urte eta erdi eman ditu biktimak onartu eta erreparatzeko, “inolako parekatzerik eta diluziorik gabe, denei arreta emanda, horien beharrak ikusita”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gaurko albisteak Nafarroan EHU berriak Espainiako Gobernua bideoak Nafarroako Unibertsitate Publikoa argazkiak Alderdi politikoak albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak