Politika -

Katalunia

Inbestidura atzeratzea deitoratu du Puigdemontek: 'Ez dago beste hautagai posiblerik'

Junts per Catalunyako buruzagiak Torrenten erabakia “errespetatzen” du, baina “beste hautagai posiblerik” ez dagoela ohartarazi du.

Carles Puigdemont Junts per Catalunyako (JxCat) buruzagia. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont Junts per Catalunyako (JxCat) buruzagia. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont Junts per Catalunyako (JxCat) buruzagia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Junts per Catalunyako (JxCat) buruzagiaren hitzetan, “zoritxarrez” Roger Torrent Parlamenteko presidenteak inbestidura saioa atzeratzea erabaki du. Torrenten erabakia “errespetatzen” duela erantsi du Puigdemontek, baina “beste hautagai posiblerik” ez dagoela ohartarazi du.

Egun osoan zehar isilik egon ondoren, JxCaten eta ERCren arteko purrustadak ikusita, azkenean Puigdemontek mezu bat zabaldu du sare sozialetan, 20:00ak aldera.

Testuinguru honetan, “batasuna” ez galtzeko eskatu dio independentismoari, “urteetan espetxean edo erbestean nahi gaituztenek horrekin ametsetan ari direlako”, Espainiako Gobernuari erreferentzia eginez.

 

"Erantzun bateratua”

Puigdemonten ahotan, 155. artikuluaren aplikazioari aurre egiteko, “U-1eko eta A-21eko agindua aurrera eramateko erantzun bateratua eta koordinatua” eman behar du gehiengo independentistak; izan ere, Govern berririk ez dagoen bitartean Konstituzioaren artikulua indarrean izango da.

Gaurko inbestidura saioan botoa eman behar zioten “68 diputatu independentista” zirela goraipatu du Puigdemontek. Inbestidura egiteko “berme demokratikoa” zirela erantsi du. Generalitateko presidente izateko “beste hautagai posiblerik” ez dagoela azpimarratu du.

Hala ere, “zoritxarrez saioa ez da egin, Parlamenteko presidenteak beste bide bat aukeratu du eta haren erabakia errespetatu behar dugu”, gaineratu du.

"Ez dago demokrazia atzeratzerik edo bertan behera uzterik"

Presidentaren esanetan, “ez dago demokrazia atzeratzerik edo bertan behera uzterik”. “Madrilek agindutako presidente” bat onartzea Kataluniako “hauteskundeen emaitzak betirako hipotekatzea” litzatekeela ohartarazi du JxCateko buruzagiak.

Zentzu horretan, “gustuko duten president bat” bakarrik izan daitekeela planteatuta, Gobernu zentrala “xantaia” egiten ari dela salatu du Puigdemontek, bestela 155. artikuluak indarrean jarraituko duelako.

155. artikuluarekin amaitzeko “biderik azkarrena Govern bat osatzea” dela gogorarazi du Puigdemontek.

Horregatik, “herritarrek nahi duten herria eraikitzeko aukera zuen” Kataluniak gaur, baina “hauteskundeak galdu dituztenak behartzen ari diren paralisiagatik” itxaron beharko dute, erantsi duenez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès