Politika -
Estrasburgo
Maria Elosegi donostiarra Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaile aukeratu dute
Jose Martin Perez de Nanclares eta Francisco Perez de los Cobos magistratua ziren faboritoak, baina azkenean epaile donostiarra gailendu da.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Elosegi Itxaso donostiarra Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epailea izango da. Hala erabaki du Europako Kontseiluko Asanblada Parlamentarioak.
Estrasburgoko Auzitegian Espainiari dagokion epaile kargurako hautagaiak hiru ziren: Jose Martin Perez de Nanclares magistatu gasteiztarra, Francisco Perez de los Cobos Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohia eta Elosegi.
Faborito nagusiak lehendabiziko biak ziren, baina azkenean Elosegi hautatu dute. Epaile donostiarrak 114 boto jaso ditu; Perez de Nanclaresek 76; eta Perez de los Cobosek, 37.
Zuzenbidearen Filosofian katedraduna da eta klaseak ematen ditu Zaragozako Unibertsitatean. Arrazakeriaren eta Intolerantziaren kontrako Europako Batzordeko kide izan zen, 2013tik 2017ra bitartean.
Bost urtetik gorako prestakuntza du. Eskozian, Belgikan eta Alemanian bizi izan da, eta kultura juridiko frankofonoa, anglofonoa eta germaniarra ezagutzen ditu.
Luis Lopez Guerra epaile espainiarrak utzitako lekua hartuko du orain Elosegik.
Estrasburgoko Auzitegian 47 epaile daude. Europako Kontseiluko kide bakoitzari epaile bat dagokio.
Auzitegiak bost sala ditu eta Elosegi hirugarrenean izango da lanean, Serbia, Suitza, Errusia, Andorra, Eslovakia, Txipre eta Holandako epaileekin batera.