Politika -

De Miguel auziaren epaiketa

De Miguelen sareak 'establishmentaren babespean' jarduten zuela esan du Fiskaltzak

Ministerio Publikoaren esanetan, gainera, akusatuek "helbide elektroniko ofizialak erabilita eskatzen zituen komisioak".

Arabako Lurralde Auzitegian ari dira epaiketa egiten. Argazkia: EFE
De Miguel auziaren epaiketa. EFE
Arabako Lurralde Auzitegian ari dira epaiketa egiten. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo de Miguelen gidaritzapean aritzen omen zen ustezko ustelkeria sareak "helbide elektroniko ofizialak erabilita" eskatzen zituen legez kanpoko komisioak eta "establishment-aren babespean" jarduten zuen, Josu Izaguirre Arabako fiskalburuak gaur De Miguel auziko epaiketan nabarmendu duenez.

Urtarrilaren 8az geroztik, auziko aurretiazko eginbideak aztertzen ari dira Arabako Lurralde Auzitegian. Ustezko ustelkeria sare bat eratzea egotzita, 26 pertsona jesarri dira akusatuen aulkian, tartean Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi izandakoa, eta EAJren kide eta Eusko Jaurlaritzako goi kargudun izandako batzuk.

Gaurko saioan, Fiskaltzaren txanda izan da, eta 26 auzipetuen kontrako akusazioak berretsi ditu. Auzia 2009an abiatu zen, Ainhoa Alberdi abokatuak Fiskaltzaren aurrean aurkeztutako salaketa bat tarteko. Alberdik hainbat grabazio eta mezu elektroniko aurkeztu zituen froga gisa. Arabako Teknologia Parkea handitzeko lanak esleitzearen truke 100.000 euro eskatu omen zizkion sareak.

Fiskalaren esanetan, "Alberdiren mezu elektronikoek agerian utzi dute benetako sare baten aurrean gaudela; boterea zeukan, eta Arabako Foru Aldundiaren helbide ofizialetik bidaltzen zituen mezuak, legez kanpoko komisioak eskatuz. Lotsagabe jarduten zuten, ez modu isolatuan edo ezkutuan, establishment-aren babespean aritzen zirelako".

Defentsak epaiketa bertan behera uzteko eta grabazioak baliogabetzeko eskatu du. Horren harira, fiskalak gogorarazi du Auzitegiak 2015ean baztertu zituela eskaera horiek, eta oraingo honetan defentsak ez duela argudio berririk plazaratu gaineratu du.

Dena dela, grabazioak auzitik kenduta ere, Alberdiren testigantza eta gainerako froga guztiak geratuko liratekeela azpimarratu du.

Ainhoa Alberdi hizpide hartuta, Izaguirrek esan duenez, "ez da bulego batean azaldu eta istoriotxo bat asmatzen duen zoro bat". Izan ere, Alberdik Julian Sanchez Alegria EAEko Teknologia Parkeen Sarearen presidentearengana —auzipetuetako bat da— jo zuen gertatutakoa kontatzeko, horren arabera. Alegriak, salatu beharrean, "hainbeste ez nabarmentzeko" eskatu omen zion De Migueli.

Fiskaltzak instrukzioaren ardura izan duen epailearen "lan bikaina" goraipatu du, baita Ertzaintzaren jardun "akasgabea" ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Araba Epaiketak albisteak Alderdi politikoak bideoak Ustelkeria politikoa azken albisteak Gasteiz Gaurko azken orduko albistea De Miguel auzia albisteak