Politika -

KATALUNIA

Zoidok dio 87 milioi euroko kostua izan zuela Katalunian 6.000 agente izateak U-1ean

Espainiako Barne ministroak urriaren 1eko operatiboaren inguruko azalpenak eman ditu Senatuan; haren esanetan, Poliziaren jarduna "legitimoa, profesionala eta neurrikoa izan zen".

Espainiako Barne ministroak urriaren 1aren harira izandako polizia operazioaren berri eman du. EFE
Espainiako Barne ministroak urriaren 1aren harira izandako polizia operazioaren berri eman du. EFE
Zoidoren ustez, Polizia Nazionalak behar bezala jokatu zuen urriaren 1ean

1:06

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak azaldu duenez, 87 milioi euroko kostua izan zuen urriaren 1eko independentziari buruzko erreferendumaren harira 6.000 agente inguru (polizia nazionalak eta guardia zibilak) Katalunian izateak. Egun hartan egindako polizia-operazioa babestu du Zoidok; horren esanetan, Espainiako Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren jarduna "legitimoa, profesionala eta neurrikoa" izan zen.

Espainiako Barne ministroak agerraldia egin du gaur goizean Senatuan, urriaren 1eko polizia-operatiboaren inguruko azalpenak emateko; kostuari buruzko azalpen zehatzik eman ez badu ere, 87 milioi horien barne ei daude ostatua, mantentzea, desplazamenduak, dieta eta osagarriak.

Copernico operazioaren baitan, 6.000 agente egon ziren Katalunian 2017ko irailaren 30etik urriaren 2ra arte, eta 4.500 inguru, luzaroago.

Zoidok deitoratu egin du egun hartan jazotakoa: "Gertaera penagarriak dira eta, ez ziren zertan gertatu, baina Estatuko Segurtasun Indarrek ezin dute beren erantzukizuna saihestu; ezin dute beste alde batera begiratu, eta egoerak eskatzen duenean parte hartu behar dute. Gainera, agintari judizialak edo fiskalak agindu zuen", esan du.

"Modu eredugarrian eta baldintza oso zailetan aritu ziren, beren betebeharra egiteko, legearen barruan eta legea betez. Beren jarduna legitimoa, profesionala eta neurrikoa izan zen, eta hori ez dut nik esan, Fiskaltzak baizik", nabarmendu du Barne ministroak.

Mossoen "erabateko geldotasuna", eta laguntzarik ez

Espainiako Barne ministroak adierazi du, gainera, agerraldian, erreferenduma egin baino lehenagoko bileretan Esquadra Mossoek esana zutela plan berezia zegoela egun horretarako, agente eta lan-ordu gehiagorekin; Zoidoren asmoa izan da gertatutakoaren berri ematea, eta iritzirik ez ematea, eta azaldu du urriaren 1eko goizeko lehen orduetatik heldu zitzaiola Mossoak "eraginkortasun oso mugatuta ari zirela erakusten epai-agindua bete eta bozketa-zentroetako okupazioa eta irekiera saihesteko".

Gauzak horrela, kritikatu du Esquadra Mossoek "erabateko geldotasuna" islatu zutela, eta ez zutela inolako laguntzarik eman, aipatutako agindua betetzeko. Horrez gain, eman dituen datuen arabera, 948 udalerrietako 149etan boto-emaileen kopurua erroldatutako lagunena baino handiagoa izan zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Politika albisteak Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Gaurko azken orduko albistea