Politika -
Katalunia
Gaur osatuko da Parlamentua, auzipetuek bozkatu ahalko duten argitu barik
2017ko urriaren 27tik, Kataluniako Parlamentuak Errepublika aldarrikatu eta Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zuenetik, egingo den lehen osoko bilkura izango da.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur osatuko dute XII. Legealdiko Kataluniako Parlamentua. Osoko bilkura 11:00etan hasiko da, eta legealdi berria zalantza handi batekin abiatuko da: zortzi diputatu subiranista auzipetuek (hiru espetxean daude eta bost Belgikan) botoa beste norbaiten esku utzi ahal izango ote dute?
Urriaren 27tik, Kataluniako Parlamentuak Errepublika aldarrikatu eta Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zuenetik, egingo den lehen osoko bilkura izango da: Espainiako Gobernuak Kataluniako Gobernua kargugabetu, Parlamentua desegin eta Kataluniako erakundeetako agintea bere gain hartu zuen adierazpen hori egin ondoren.
Harrezkero, 12 buruzagi subiranista espetxetik pasatu dira, eta lauk bertan jarraitzen dute; bitartean, Kataluniako Gobernu kargugabetuaren bost kide Belgikan daude, hauteskunde berriak egin dituzte Katalunian, eta, aurrenekoz, Ciudadanos izan da alderdi bozkatuena.
Nahiz eta Arrimadasek garaipena lortu (36 diputatu), independentistek gehiengoari eutsi diote Ganberan; izan ere, JuntsxCatek (34), ERCk (32) eta CUPek (4) 70 eserleku eskuratu zituzten. Gainerako 65 diputatuak ez dira independentistak izango: Ciudadanos (36), PSC (17), CatComú-Podem (8) eta PP (4).
Ganberako legelarien erreparoak
Legealdiko lehen polemika Ganbera osatu baino lehen piztu da: zortzi diputatu auzipetuek euren botoa ordezkari baten esku uzteko eskubiderik ez dutela ohartarazi dute Parlamentuko legelariek, horretarako Ganberako araudiaren baldintzak betetzen ez dituztela iritzita.
Azken hitza, baina, Adineko Mahaiak du, horien esanetan. Mahaia diputatu zaharrenak eta bi gazteenek osatuko dute (ERCkoak dira hirurak): Ernest Maragall, Ruth Ribas eta Gerard Gomez del Moral.
Diputatu auzipetuek botoa emateko aukera badute, independentistek 70 ordezkari izango dituzte (gehiengoa, beraz) Ganberako presidentea arazorik gabe erabakitzeko; bozkatzerik ez badute, berriz, independentistek gehiengoa izango dute (62), baina ez absolutua (135 eserleku daude Kataluniako Parlamentuan), bloke ez independentistak baino hiru ordezkari gutxiago izango baititu.
Nahiz eta independentismoa gutxiengoa izan, Parlamentuko presidentea subiranista izango da seguruenik; izan ere, Ciudadanosek, PSCk, CatComú-Podemek eta PPk ez dute hautagai alternatiborik adostu.
Aurreneko erabaki garrantzitsua
Adineko Mahaiak auzipetuen botoa eskuordetzea babestuz gero, legealdi berriko lehen gatazka izango dute Estatuarekin: Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, Belgikako diputatuek bozkatzen badute, Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztuko dute, eta espetxean daudenek gauza bera eginez gero, auzia aztertuko dute.
Parlamentuko presidentea Roger Torrent (38 urte), Sarria de Ter Gironako udalerriko alkatea, izatea proposatu du ERCk. Gainera, seguruenik Alba Verges (ERC), Jose Maria Espejo-Saavedra (ERC), Joan Garcia (Cs), David Perez (PSC) eta JuntsxCateko bi ordezkarik osatuko dute Mahaia.
Nola bozkatuko dute?
Parlamentuko presidentea hautatzeko, diputatuek hautagaiaren izena boto-txartel batean idatzi eta ontzi batean sartuko dute. Lehen bozketan gehiengo absolutua lortzen duenak irabaziko du; inork lortzen ez badu, beste bozketa bat egingo dute, lehen itzulian boto gehien lortu dituzten bi hautagaietako bat hautatzeko. Boto gehien lortzen duena izendatuko dute presidente.
Era berean, Mahaiko gainerako sei kideak aukeratuko dituzte: bi presidenteorde eta lau idazkari. Ezustekorik izan ezean, independentistek gehiengo absolutua izango dute berriro Mahaian, zazpi kideetako lau subiranistak izango baitira.
Bederatzigarren presidentea
Demokrazia berrezarri zenetik Kataluniako Parlamentuko bederatzigarren presidentea izango da, hauen ondorengoa: Heribert Barrera (1980-1984), Miquel Coll i Alentorn (1984-1988), Joaquim Xicoy (1988-1995), Joan Reventos (1995-1999), Joan Rigol (1999-2003), Ernest Benach (2003-2010), Nuria de Gispert (2010-2015) eta Carme Forcadell (2015-2018).
Parlamentuko presidentea izendatu ostean, Mahaiko presidentearen txanda izango da, Ganberako diputatuen aurrean legealdiko lehen diskurtsoa emateko. Aurreko agintaldian, Carme Forcadellek "Gora Kataluniako Errepublika!" batekin amaitu zuen.
Hurrengo pausoa
Lehen tramitea egin eta gero, Parlamentuko presidente berriak bilera-sorta egingo du talde politiko guztiekin, eta hamar egun baliodun izango ditu Generalitateko presidentea izendatzeko lehen saioa deitzeko.
Ganberako legelarien iritziaren aurka, JuntsxCatek eta ERCk Carles Puigdemont inbestitzea adostu dute, nahiz eta presidente kargugabetua Belgikan egon. Presidentegaia Parlamentuan egotea "ezinbestekoa" dela adierazi dute legelariek.