Politika -
Katalunia
Parlamentera joateko eskubidea ukatu die epaileak Junqueras, Forn eta Sanchezi
Honenbestez, horien botoak beste diputatuen batzuen esku uzteko prozedura erabaki beharko du orain Parlamenteko Mahaiak.
Agentziak | Erredakzioa
Oriol Junqueras Kataluniako espetxera eramatea baztertu du Auzitegi Gorenak. Era berean, Junquerasi, Joaquin Forni eta Jordi Sanchezi Parlamenteko bozketetan parte hartzeko eskubidea ukatu die epaileak. Honenbestez, euren botoa beste diputatu batzuen esku utzi beharko dute.
Pablo Llarena magistratuak gaur igorri duen auto batean, hiru ikertuen luzaroko ezgaitasuna erabaki du epaileak. Ondorioz, espetxe prebentiboan dauden bitartean, horien botoak beste diputatuen batzuen esku uzteko prozedura erabaki beharko du Parlamenteko Mahaiak.
Hau da, ez du Junqueras Kataluniako kartzela batera lekualdatuko, ez die Parlamentera botoa emateko joaten utziko eta diputatu bihurtu eta botoa beste batzuen esku uzteko modua bilatzea eskatzen dio Mahaiari.
Hala ere, kartzelatik aldatzeko eskakizunaren errefusak ate bat zabalik uzten du, “eskaera espetxeetako agintariei egiteko aukera”. Hau da, lekualdatzeko azken erabakia Espetxe Zuzendaritzaren esku uzten du epaileak.
Sedizioa edo matxinada delituak berriz egiteko arriskua
Junqueras eta besteak Parlamentera joaten ez uzteko erabakia argiagoa da, ordea, sedizioa edo matxinada delituak berriz egiteko arriskuagatik. Hirurei delitu horiek egotzi zizkieten Gorenaren aurrean inputatzeko, Aldebakarreko Independentzia Adierazpenaren prozesuko auzian.
“Arriskuak jarraitzen du gaur”, adierazi du Llarenak, “magistratuaren jurisdikziotik ihes egin duten ikertuek duten babes zabalagatik” eta “auzi honetan ezarritako kautelazko neurrien aurka milaka herritarrek bultzatutako mobilizazioengatik”.
“Aurrekari horiekin eta egungo baldintzekin, espetxetik aldatu eta ateratzea, data eta ordu zehatzetan, irteera eta helmuga toki ezagunekin arriskutsua da”, azaldu du Llarenak, “istilu larriak eragin ditzakeelako”.
Hala ere, “ikertuen askatasuna mugatzeko edozein neurrik ezin du Parlamentuko aritmetika aldatu, hautestontzien borondatearen isla delako”, erantsi du epaileak.
Horregatik, luzaroko ezgaitasun legalaren figura erabiltzen du magistratuak; izan ere, Parlamenteko Araudiak berak eskaintzen du aukera hori.
“Ospitaleratze, gaixotasun larri edo luzaroko ezgaitasun kasuetan diputatuek botoa beste norbaiten esku uzteko aukera dute”, dio artikuluak.