Politika -
KATALUNIA
Puigdemontek JxCateko diputatuak bilduko ditu ostiralean, Bruselan
Diputatu hautetsi gehienak joango dira bertara. Joaquim Forn eta Jordi Sanchez, baina, espetxean daude, eta Josep Rull eta Jordi Turull ezin dira Espainiatik atera.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemontek Junts per Catalunyako (JxCat) diputatu hautetsiak bilduko ditu ostiralean Bruselan, alderdiaren barne funtzionamenduaren eta egituraren nondik norakoei heltzeko.
Alderdi politikoak Kataluniako Parlamentuaren Mahaiaren osaketa zein izango den negoziatzen ari diren bitartean deitu du bilera Puigdemontek; otsailaren 17an legealdi berriaren osoko bilkura egin baino lehen.
JxCat alderdiko iturriek azpimarratu dutenez, ERCrekin adostu beharko dute Mahaiko ordezkariak osatzeko modua, baina Carme Forcadell berriro Mahaiko presidentea izatea da euren asmoa, Forcadellek berak nahi izanez gero.
Horrela, iturri horien arabera, taldearen funtzionamendua eta barne egitura jorratzeko bilera izango da. JxCatek 34 diputatu izango ditu Parlamentuan, Ciudadanosek baino hiru gutxiago (37) eta ERCk baino bi gehiago (32).
Bruselara diputatu hautetsi gehienak joango dira, salbuespen batzuekin; izan ere, batetik, Joaquim Forn eta Jordi Sanchez espetxean daude, eta, bestetik, Josep Rull eta Jordi Turull ezin dira Espainiatik atera.