Politika -

Bilera sekretua Bilbon

PSE eta Batasuna batzartu egin ziren duela hilabete

Antza denez, bileran Jose Antonio Pastor eta Alfonso Gil izan ziren PSE-EEren aldetik, eta Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaia ezker abertzalearenetik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EE eta Batasuna batzartu egin ziren duela hilabete Bilbon, legez kanpoko alderdiak eskatuta, ezker abertzaleak eta EAk euskal alderdiekin abiatutako bilera-sortaren baitan.

Sozialistek eta abertzaleek ukatu egin dute batzartu izana, baina, dena dela, PPk premiazko bilera eskatu dio PSE-EEri, dena argitzeko.

Bilera sekretua izan zen eta ez zuten egin egoitza ofizialean. Horretan, ezker abertzaleak bide politikoen aldeko apustua azaldu zien sozialistei.

Vocento eta Noticias taldeetako egunkariek gaur jakinarazi dutenez, batzarrean Jose Antonio Pastor sozialistek Eusko Legebiltzarrean duten bozeramailea, Alfonso Gil PSE-EEko Antolakuntza idazkaria eta Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaia ezker abertzaleko buruzagiak izan ziren.

Orain arte, Espainiako Gobernuak eta PSE-EEk ukatu egin dute legez kanpoko ezker abertzalearekin hartu-emanak dituztela, duela egun batzuk Tasio Erkizia HBko mahaikide historikoak aurkakoa iradoki zuen arren. Izan ere, ezker abertzalea egiten ari den urratsak sozialistek "gertutik" ezagutzen dituztela ziurtatu zuen hark.

Asteazkenean, ezker abertzaleak baieztatu egin zuen alderdi bat sortzeko lanean daudela, erakundeetara itzultzea helburu, baina ez zuen zehaztu noiz aurkeztuko duten.

Atzo, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak "zuhurtzia" eskatu zuen ETAren balizko amaieraren aurrean, eta erakunde terroristatik urrundu dela "argi eta garbi" erakusten ez badu, ezker abertzalea ez dela hauteskundeetan egongo ohartarazi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea