Politika -

Guardia zibilei epaiketa

Auzitegiko medikuek guardia zibilen bertsioa gezurtatu dute

Gipuzkoako Auzitegi Medikuntzaren Institutuko aditu baten arabera, Igor Porturen bizia arriskuan egon zen eta 2 atxilotuek emandako tortura-testigantzak "bat datoz" jasan zituzten zauri eta lesioekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igor Portuk eta Mattin Sarasolak Guardia Zibilaren eskuetan egon ziren egunetan jasandako zaurien eta lesioen inguruan txostena egin zuten Gipuzkoako Auzitegi Medikuntzaren Institutuko adituek gezurtatu egin dute bertsio ofiziala.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian egiten ari den epaiketaren lehen saioan, tortura delituaz auzipetutako 15 guardia zibilek adierazi zuten atxiloketaren unean Portuk eta Sarasolak indarra erabili zutela, ihes egiten saiatu zirela eta, ondorioz, bortizkeriaz atzeman behar izan zituztela.

Bigarren saioan, berriz, Portuk eta Sarasolak tratu txarrak eta torturak jasan zituztela berretsi zuten eta atxiloketaren unean (2008ko urtarrilak &) eta ondorengo orduetan jasan zituzten kolpeak eta mehatxuak azaldu zituzten. Gaurkoan Gipuzkoako Auzitegi Medikuntzako adituen txanda izan da eta zehatz-mehatz azaldu dituzte Portuk eta Sarasolak izan zituzten zauriak eta lesioak. Igor Portuk ezkerreko bederatzigarren saihetsa eta hamargarrenaren burua hautsita zituela nabarmendu dute. Adituak azpimarratu du Porturen "bizia arriskuan" egon zela eta egun hartan ospitalean artatu zuen medikua "harrituta" geratu zela atxilotuaren egoera ikusita. Gainera, Portuk eta Sarasolak emandako tortura-testigantzak jasan zituzten zauri eta lesioekin "bat" datozela adierazi du epailearen aurrean.

Defentsaren perituek guardia zibilen bertsioa babestu dute

Bestalde, guardia zibilen defentsaren perituek uste dute Igor Portuk eta Mattin Sarasolak jasandako zauriak eta lesioak "bateragarriak" dira atxiloketa bortitz batekin, hau da, auzipetuek emandako azalpena babestu dute.

Igor Porturen egoerari buruz, peritu horiek esan dute ospitalean "bere kabuz" sartzeko gai den eta "nerbio-sistema nagusian kalterik ez duen pertsona bat egoera oso larrian" ez dagoela. Ildo horretan, saihets bat hautsita bazuen, atxiloketaren unean zenbait guardia zibilek "plakaketa bat" egin ziotela izan daitekeela babestu dute.

Gauzak horrela, Gipuzkoako auzitegi medikuen argudioen aurka agertu dira eta Portuk eta Sarasolak jasan zituzten zauriak "atxiloketa bortitz" baten ondorio direla esan dute.

Horrez gain, ukatu egin dute ETAko bi kideek besapean zituzten hematomak ukabilkadek, kolpeek edota ostikoek eragindakoak izan daitezkeela. Beraien ustez, erorketa baten ondorio izan ziren.

Beste alde batetik, Madrilgo Auzitegi Medikuntzaren Institutuko medikuen bozeramaileak adierazi du Sarasola bost aldiz bisitatu zuela Guardia Zibilak Madrilen duen egoitzan eta beste behin Auzitegi Nazionaleko ziegetan. Indarkeriaz atxilotu zutela esan ziola azaldu du medikuak.

Sarasolak jasandako zauriak "bortizkeriaz atxilotzearen edo heltzearen" ondorio izan daitezkeela erantsi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea