Politika -
Kataluniako hauteskundeak
Rajoyk elkarrizketa 'errealista eta legearen baitan' eskaini dio Gobernu berriari
Carles Puigdemonten epaiketa ez dago "inola ere" hauteskundeen emaitzen menpe, esan du Rajoyk.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak elkarrizketa "irekia eta errealista" eskaini dio Kataluniako hauteskundeen ostean eratzen den Gobernu berriari, baina, betiere, "legearen baitan".
Ministroen Kontseiluaren eta PPren batzorde exekutiboaren bileren ondoren Moncloa Jauregitik iragarri duenez, elkarrizketa horrek ekonomiaren hazkundea eta enplegua sortzeko "beharrezko segurtasuna" sortu behar du.
Testuinguru horretan, Rajoyk "elkar ulertzeko eta liskarrik gabeko" aro berri bat eskatu du Kataluniarako. "Neure esku dudan guztia egingo dut, baina ez dut onartuko inork Konstituzioa, Kataluniako Estatutua eta legea ez betetzea", azpimarratu du.
Halere, Carles Puigdemontek "Espainia ez den herrialde batean" biltzeko egin dion proposamena errefusatu egin du Rajoyk. "Nik, edozein kasutan, Arrimadas andrearekin bildu beharko nuke, berak irabazi baititu hauteskundeak", gaineratu du.
Bestalde, Rajoy gogoratu duenez, Carles Puigdemonten eta Kataluniako independentzia aldarrikapenagatik inputatutako gainerako kideen epaiketa ez dago "inola ere" hauteskundeen emaitzen menpe.
"Politikariak legeen menpe egon behar gara, beste edozein herritar bezala, eta, hortaz, justizia ez da politikaren estrategiaren menpe egon behar", esan du. Ildo berean, Espainiako Gobernua auzitegiek esaten dutenarekin bat etorriko dela gaineratu du.