Politika -
15 guardia zibil auzipetuta
Portuk eta Sarasolak gaur deklaratuko dute ustezko torturen epaiketan
Atzo, guardia zibil auzipetuek ziurtatu zuten ETAko bi kideak atxiloketaren unean zauritu zirela, "indarkeriaz aurre egin gintuztelako".
Erredakzioa
Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko kideek gaur deklaratuko dute Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, atxiloaldian ustez pairatu zituzten torturak direla eta 15 guardia zibilen aurka atzo abiatutako epaiketaren baitan.
Hasiera batean, biak ostegunean ziren deklaratzekoak, baina auzipetuen deklarazioa atzo bertan amaitu zen, eta beraz, aurreratu egin dute galdeketa.
Atzo, guardia zibil auzipetuek ukatu egin zuten ETAko kideak torturatu izana, eta zauriak atxiloketaren unean geratu zirela argudiatu zuten, "indarkeriaz aurre egin gintuztelako".
Gipuzkoako Fiskaltzaren arabera, zantzuak daude lau guardia zibili tortura delituak leporatzeko eta beste seiri lesio delituak egozteko; gainerako bost akusatuen kasuan, berriz, inolako deliturik egin ez zutela iritzi dio.
Gauzak horrela, bi auzipeturentzat (sarjentu bat eta kabo bat) hiru urteko kartzela-zigorra eskatu du; beste birentzat (kabo bat eta guardia bat) bi urteko espetxealdia; eta gainerakoentzat (bi teniente, hiru kabo eta guardia bat), 10 egunetako lokalizazio iraunkorra.
Igor Portu eta Mattin Sarasolaren defentsak (akusazio partikularra) 15 guardia zibilei tortura delituak leporatzea eskatu du, beste delitu eta falta batzuen artean. Horrenbestez, 6 eta 17 urte arteko espetxe-zigorrak ezartzea galdegingo du.
ETAko kideak 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, Arrasaten. Aurtengo maiatzean, Auzitegi Nazionalak 1.040na urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien.