Politika -
Katalunia
Junqueras: 'Ezkutatzen ez naizelako nago preso'
Puigdemonti zeharka egindako kritika hori gorabehera, "etorkizuna ahalik eta batasun gehienarekin eraikitzearen alde" egin du ERCko hautagaiak.
Agentziak | Erredakzioa
Oriol Junqueras ERCko hautagai eta presidenteak Estremerako kartzelatik eskainitako elkarrizketa batean esan duenez, "ezkutatzen ez naizelako nago preso; nire ekintzekin, erabakiekin, usteekin, sentimenduekin eta borondatearekin kontsekuente naiz".
RAC1 irrati kateari elkarrizketa laburra eskaini dio Generalitateko presidenteorde kargugabetuak, lau bat minutukoa, eta Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari (Belgikara joatea erabaki zuen JxCateko hautagaia) zeharka eginiko kritika hori gorabehera, batasunaren eta akordioen alde egin du Junquerasek: "Etorkizuna ahalik eta batasun eta akordio gehienarekin eraikitzearen alde nago, beti denei eskua luzatuz".
Itxaropentsu agertu da abenduaren 21eko hauteskundeen emaitzez. Horren ustez, "ziur naiz gobernua osatzeko modua izango dugula. Seguru nago ni neu, Parlamentuak hala erabakitzen badu, presidente izan naitekeela", eta inbestidura saioan egoteko arazorik egongo ez dela ere erantsi du.
Bozkatzeko oztoporik ere ez du aurreikusten Junquerasek: "Egin beharreko izapide guztiak egin ditugu botoa eman ahal izateko. Bozkatzea eta irabaztea espero dut. Irabazteko eskubide guztia dugu".
Kartzelako egonaldiak bere jarreran izan duen eraginaz galdetuta, ERCko buruzagiak nabarmendu du espetxeak "indartu" egiten zaituela.
Espetxean "orain arte egin ezin nituen gauzak (irakurri, idatzi edo kirola egin) egiten ditut", nabarmendu du, eta itxaropenerako tartea utzi du azken esaldiarekin: "Ziur naiz aurrera egingo dugula".
Puigdemontek Junquerasi erantzun dio
Carles Puigdemont presidente eta Junts per Catalunya (JxCat) alderdiaren zerrendaburuak ordu gutxira erantzun dio Junquerasi, Rac1 irrati katean bertan eskainitako elkarrizketa batean.
Presidentea, asteburuan, Bruselan. Argazkia: EFE
Puigdemonten hitzetan, "155. artikuluaren kolpeari" aurre egiteko aurkeztu da bera hauteskundeetara. Abenduaren 21eko hauteskundeetatik ateratzen den "Gobernu eta presidentetza legitimoak Palaun egon beharko luke, estatu kolpe ez-legitimo bati botoen bidez indarra kentzeko", gaineratu du.
Hala, presidenteak ez du argitu ERCk zuzendutako gobernu baten kide izango ote litzatekeen, baina nabarmendu du 155arekin kargugabetutako exekutibo bera jartzearen aldekoa dela. Berarentzat, Junquerasek presidenteorde izaten jarraitzen du.
"155a hobekien ezeztatzen duen formula deuseztatu duten hori da", adierazi du.