Politika -

Euskobarometroa

Herritarren % 47k 'ez' bozkatuko lukete independentziari buruzko erreferendum batean

Dena dela, gehiengoak (% 58) babestuko egingo luke kontsulta egitea.

Euskal gizartearen % 59k ez du independentzia nahirik, Euskobarometroaren arabera. Argazkia: EiTB
Jendea kalean. EiTB
Autogobernuaren babesa handitu egin da, eta independentziarena jaitsi

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiren independentziari buruzko erreferendum batean 'ez' bozkatuko luketen herritarren kopuruak gora egin du. Hala, % 47k kontra bozkatuko luketela esan dute, gehiengoak (% 58) kontsulta egitea babestuko lukeen arren (herena erreferenduma egitearen aurka legoke). Euskobarometroaren emaitzak dira.

Inkestaren ondorioak Francisco Jose Llera EHUko katedradun eta ikerketaren arduradunak aurkeztu ditu gaur prentsaurrekoan, Bilbon. Urriaren 24tik azaroaren 12ra etxez etxe egindako 600 elkarrizketa izan ditu oinarri galdeketak.

Euskobarometroaren arabera, galdetutakoen % 30 independentziaren aldekoak dira. Aurrez aurre, "independentzia lortzeko asmo gutxi edo batere" ez dutenak: % 59.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) independentziaren inguruko erreferendum bat egotekotan zer bozkatuko luketen galdetuta, % 47k esan dute aurka bozkatuko luketela. Lleraren esanetan, aukera horrek zortzi puntu egin du gora azken urtean, eta 13 puntu, azken hiru urteetan. Baiezkoaren alde daudenen kopuruak, ordea, behera egin du: % 30ekoa da azken inkestan. Duela hiru urte bi aukeren arteko berdinketa teknikoa egon zela gogorarazi du EHUko katedradunak. Gaur egun, aldiz, 17 puntuko aldea dago bien artean. Lleraren ustez, Kataluniako auziak eragin handia izan du iritzi aldaketa horretan.

Gehiengoa, federalismoaren edo autonomiaren alde

Estatu ereduen artean gustukoen dutenaz ere itaundu diete herritarrei. Autonomiari eustearen aldekoak % 36 dira, eta % 32k federalismoa dute nahiago.

Galdetutakoen % 24k independentzia edo estatu konfederala aipatu dute (bost puntu egin du behera azken sei hilabeteetan).

Euskal gizartearen gehiengo zabal bat (% 77) nahiko pozik dago Autonomia Estatutuarekin. Kontrako jarrera azaldu dutenak % 18 baino ez dira.

Autogobernuaz galdetuta, herritarren % 27k ez dute aldaketak nahi, eta kopuru berak erreforma beharrezkoa dela iritzi dio. Galdetutakoen laurdenak transferitu gabe dauden eskuduntzak emanda nahikoa dela uste du, eta % 16k bakarrik egin dute haustura subiranista baten alde.

Katalunia

Euskal gizartearen gehiengoak (% 66) Katalunian hartutako bidea baztertuko luke, Euskobarometroaren arabera. 10 herritarretik lauk eredu hori babestuko luke; batez ere, EH Bilduren boto-emaileek (% 61) eta abertzaleek (% 39) aipatu dute.

Auzian Kataluniako zein Espainiako agintariek izan duten jokabidea baloratzeko ere eskatu zaie herritarrei. Generalitateari buruz, % 63k uste dute gutxiegi bat merezi duela (batez beste, 10etik 3,1eko nota jarri diote). Are okerragoa da Espainiako Gobernuari emandako nota (1,9).

Itaundutakoen gehiengo zabal baten (% 81) arabera, urriaren 1eko erreferendumak "ez zituen legezkoa eta balekoa izateko nahikoa berme".

Independentziaren alde bakarreko aldarrikapenari buruz iritzia eskatuta, % 64 kontra daude eta % 27, alde.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika albisteak EHU Kataluniako erreferenduma gaur EAE Alderdi politikoak Gaurko azken orduko albistea