Politika -

PODEMOS EUSKADI

Lander Martinez izango da Euskadiko Ahal Duguko idazkari nagusi berria

Martinezek 910 boto eskuratu ditu, eta Maria Valientek, berriz, 779 boto. Hirugarren tokian, Neskutz Rodriguez korronte antikapitalistaren hautagaia gelditu da, 204 botorekin.

Lander Martinez. Artxiboko argazkia: EFE
Lander Martinez. Artxiboko argazkia: EFE
Lander Martinez izango da Euskadiko Ahal Duguko idazkari nagusi berria

1:31

O.A. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lander Martinez izango da Euskadiko Ahal Duguko idazkari nagusi berria abenduaren 8tik 14ra bitartean egin diren hauteskunde primarioetan nagusitu ostean. Lander Martinez irabazlearen eta bigarren gelditu den Maria Valienteren arteko aldea oso txikia izan da (131 boto), eta, beraz, oposizioak ordezkaritza zabala izango du Hiritarren Kontseiluan.

Horrela, Lander Martinez sektore ofizialeko hautagaiak botoen % 38,27 lortu ditu. Maria Valiente sektore kritikoko hautagaiak bozen % 32,76 eskuratu ditu.

Martinezek 910 boto eskuratu ditu, eta Maria Valientek (Pablo Iglesiasen korrontekoa), berriz, 779 boto. Hirugarren tokian, lehen bi hautagai horiengandik urruti, Neskutz Rodriguez korronte antikapitalistaren hautagaia gelditu da, 204 botorekin (% 16,90). Beste hiru hautagaitza izan dira, idazkaritza nagusirako zein kontseilurako.

Hiritarren Kontseilua

Podemosen Hiritar Batzorde Autonomikoa osatzeko, antzeko banaketa izango da: Martinezek aurkeztutako "Guztiok bat" zerrendak 17 eserleku izango ditu, Maria Valienteren "Denontzat" zerrendak, 14; eta Neskutz Rodriguezen "Zurekin martxan" izenekoak, 3. Aurrez aurreko botoen bitartez beste lau aukeratzen dira.

Hainbat kritiko bere zerrendan barneratu baditu ere, Lander Martinezek 131 botoko aldea atera dio bigarrenari, ia-ia Nagua Albak aurreko barne hauteskundeetan atera zuen alde berdina. Martinezen zerrendak lortu du babes zabalena aurkeztu diren sei zerrenden artean, baina oposizioak indar handia izango du Hiritarren Kontseiluan, aldeak txikiak baitira.

Era berean, Hiritarren Kontseiluan garaipena lortu du idazkari nagusi berriaren hautagaitzak. Nahiz eta gehiengoa izan, idazkari nagusiaren asmoa Valienteren taldea zuzendaritza berrian barneratzea da, hautagaitzako iturrien arabera.

NAGUA ALBA PODEMOS EFE

Nagua Alba orain arteko idazkari nagusiak emaitzen berri eman du prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Alba: "Emaitzak aniztasunaren argazkia dira"

Nagua Alba diputatuak emaitzen berri eman du prentsaurrekoan. Albaren ahotan, emaitzak Euskadiko Ahal Duguko "aniztasunaren argazkia dira". Duela bi urte bera aukeratu zuteneko "antzeko" emaitzak, "gutxi gorabehera", errepikatu direla uste du orain arteko idazkari nagusiak.

Euskadin alderdia indartzeko eta zabaltzeko, "erronka zuzentzeko onenak" aukeratu dituztela adierazi du Albak, 2019ko udal eta foru hauteskundeei eta 2020ko autonomikoei begira.

Barne-hauteskundeetan 2.439 militantek parte hartu dute, alderdiko kideen % 23,47, aurreko prozesuetan baino gutxiago.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi politikoak albisteak Gaurko azken orduko albistea Podemos Ahal Dugu Euskadi Podemos Euskadiren idazkari nagusi ohia Sumar Mugimenduaren diputatua