Politika -
Kongresua
Rajoyk 'elkarrizketa zibilizatua' izan nahi du Kataluniako Gobernu berriarekin
Rajoyren hitzetan, Katalunian agintari batzuek "beren erkidegoan Konstituzioa indarrean ez zegoela eta, beraz, hori aplikatu behar ez zela erabaki zuten".
Agentziak | Erredakzioa
Abenduaren 21eko hauteskundeetan garaile ateratzen den Kataluniako Gobernuarekin "elkarrizketa normala eta zibilizatua" izan nahi duela esan du asteazken honetan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. Ildo horretan, "beti" izan dela elkarrizketarako prest, baina legearen eremuan izan behar duela gaineratu du.
Horrela mintzatu da Rajoy Gobernuari Kongresuan gaur egindako kontrol saioan. Izan ere, saio horretan, PdeCATeko bozeramaileak "autoritarismoa uzteko eta Kataluniako erakundeekin berba egiteko" eskatu dio Rajoyri.
Are gehiago, Convergencia ohiko alderdiko diputatuak "katalanen borondatea lege bihurtzea" eskatu dio Gobernuko presidenteari.
Rajoyren ustez, berriz, "zoritxarrez" Katalunian agintari batzuek "beren erkidegoan Konstituzioa indarrean ez zegoela eta, beraz, aplikatu behar ez zela erabaki zuten" eta "legedi berria asmatu" zuten, "oposizioari hitz egiten utzi gabe" eta "epaitegien ebazpenei kasurik egin gabe".
"Pertsona horiek legearen gainetik zeudela eta nahi zutena egin ahal zutela erabaki zuten", esan du; ondorioz, Gobernuak "legearen nagusitasuna eta pertsonen eskubideak berrezartzeko", 155. artikulua aplikatu behar izan zuela azaldu du.
Rajoyk gogoratu duenez, agintari baten lehen zeregina legea betetzea da, eta, beraz, ez da demokratikoa legeak "likidatzea", Kataluniako Gobernuak irailean egin zuen bezala, Erreferendum Legea eta Iragankortasun Juridikorako Legea onartu zituenean.
Bestalde, "laster egoera normalizatzea" eta 1978an izandako "elkarrizketa normala eta zibilizatua" izatea espero duela gaineratu du Rajoyk.