Politika -
Katalunia
Abenduaren 14an erabakiko du Belgikako epaileak Puigdemont estraditatzen duen
Bruselan astelehen honetan auzia aztertzeko egindako bistan, Kataluniako politikarien estradizioaren alde agertu da Fiskaltza.
Agentziak | Erredakzioa
Belgikako Lehen Auzialdiko Auzitegiko epaileak abenduaren 14an emango du jakitera Carles Puigdemont Kataluniako presidentea eta ihes egindako lau kontseilari ohiak estraditatzen dituen, defentsako abokatuek zabaldu dutenez.
Bruselan astelehen honetan auzia aztertzeko egindako bistan, Kataluniako politikarien estradizioaren alde agertu da Fiskaltza, Auzitegi Nazionalak egotzi dizkien bost delituetatik lau babesten baititu.
Defentsak, berriz, estradiziorik ezin dela eman esan du, "salatutako egitateak Belgikan ez baitira zigorgarriak", eta estraditatuak izatekotan auzipetuen oinarrizko eskubideak arriskuan jarriko dituztela gaineratu du.
"Bukatu da bista Bruselan. Erabakia, abenduaren 14an", zabaldu du Twitter bidez Jaume Alonso-Cuevillasek, Puigdemonten abokatuetako batek.
Epaituak eta beraien defentsak goizeko lehen orduan heldu dira Bruselako epaitegira, baina hedabideek ezin izan dute horien irudirik hartu.
Antolakuntza arrazoiak direla eta, bista Fiskaltzaren eraikinean egin dute, auzitegitik jakitera eman dutenez.