Politika -

Aldaketak Gobernuan

Ramon Jauregui: kiniela guztietako ministroa

Euskal politikako izen historikoetako bat da Jauregui; izan ere, lehendakaria izan ezik, hamaika ardura eta kargu bete ditu EAEn zein Espainian demokraziaren hasieratik.

I. Herce

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramon Jauregui Presidentetza ministro izendatu izanak ibilbide luzea duen politikari baten azken urratsa da. Euskal politikako izen historikoetako bat da Jauregui; izan ere, lehendakaria izan ezik, hamaika ardura eta kargu bete ditu EAEn zein Espainian demokraziaren hasieratik.

Rodriguez Zapatero presidenteak Gobernua aldatu behar zuela zabaldu den bakoitzean, Ramon Jaureguiren izena kiniela guztietan azaltzen zen izen finkoetako bat izan da beti. Zapateroren azken bi Gobernu aldaketotan Lan Ministeriorako hautagai bezala ibili izan da ahoz aho izen hori. Bazirudien, halere, 2009ko Europako hauteskundeetan hautagai izendatu izanak aukera horretatik betiko urrundu zuela Jauregui. Zapaterok ustekabean politikaren lehen mailara eraman du orain berriro.

Celestino Corbachok Lan Ministerioa utzi behar zuela jakin zenean, Jaureguik ez zuen ministro izateko bere borondatea ezkutatu: "Lan ministro izateko prest nago", esan zuen duela gutxi.

Ramon Jauregui Donostian jaio zen, 1948an. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Ardanzaren lehen Jaurlaritzan lehendakariordea izan zen, nahiz eta bere alderdiak 1986ko hauteskunde autonomikoak irabazi zituen. Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkari kargua ere bete zuen, eta Justizia eta Lan sailburu izan zen EAJk, PSE-EEk eta EAk elkarrekin osatu zuten azken Jaurlaritzan. Euskal sozialismoaren barruan, idazkari nagusi izan da urte askoz, eta Euskadiko Ezkerrarekin integrazioa ahalbidetu zuen operazioa zuzendu zuen Mario Onaindiarekin batera. Gainera, Nicolas Redondo Terrerosek dimisioa aurkeztu ondoren, krisiak jota zegoen alderdiaren ardura hartu zuen bere gain berriro, Patxi Lopezek Idazkaritza Nagusia hartu zuen arte.

Lopez, "poz-pozik"

Jauregui aukeratu izanagatik "poz-pozik" agertu da Patxi Lopez lehendakaria. Ramon Jaureguiren hautaketa baloratu du lehendakariak bere blogean. Jauregui "politikari bikaina" eta "lagun ona" dela adierazi du Patxi Lopezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea