Politika -

Aldaketak Gobernuan

Zapatero: 'Agintaldia indartsu amaitzeko aldaketa da'

Presidentearen esanetan, ekonomia eta enpleguaren susperraldia bizkortzeko egin beharreko erreforma ekonomiko eta sozialak osatze aldera egituratu dute berriro Gobernua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak adierazi du EAJ eta Coalicion Canaria alderdiei esker aurrekontuak onartu ostean, "agintaldia indartsu amaitzeko", komenigarria iruditu zaiola Gobernuan aldaketak egitea. "Espainian eta Espainiatik kanpo beharrezkoa den konfiantza sustatuko dute" aldaketok, Zapateroren esanetan.

"Erabaki honek garrantzi handia du gure herrialdearentzat", esan du Zapaterok, eta aurrekontuak onartu izanak "lanari eta krisiari aurre egiteko testuinguru ziurragoa eta ekonomia egonkorragoa" ekarriko ditu datozen hilabeteetarako, azpimarratu duenez.

Gobernu berria "erreformena, ekonomia eta enplegua berreskuratuko dituen Gobernua," dela azaldu du presidenteak.

"Gobernu berritua da, profil politiko argia eta ibilbide luzea dituen jende berria hartuko duena. Komunikatzeko gaitasun handia duten pertsonak dira, gizarteari egiten ari garenaren berri eman eta krisiari aurre egiteko esfortzua guztion artean nola egiten dugun azalduko diotena", gaineratu du.

Horrez gain, presidentearen hitzetan, "Gobernua utziko dutenei eskerrak eman nahi dizkiet, batez ere 2004tik lanean aritu direnei".Zapaterok hitz bereziak eskaini dizkio Maria Teresa Fernandez De la Vegari: "Azaldu ezin daitekeen esker ona eman nahi diot, bere arduragatik, gauez eta egunez lan egiteagatik, ausardiagatik, oinarrizko eskubideak garatzeko egindako ekarpenengatik eta berdintasunaren aldeko babesagatik". De la Vegak "aztarna ahaztezina utziko du gure herrialdean", presidentearen aburuz. Miguel Angel Moratinosi, Elena Espinosari eta Bibiana Aidori ere eskerrak eman dizkie, "etxebizitza eta berdintasun alorretan egindako apustuengatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea