Politika -
2015ko Kopako finala
Abenduaren 12an epaituko dute ANean ereserkiaren aurkako txistukadaren antolatzailea
Santiago Espot Catalunya Aaccio elkartearen presidenteari erregearen kontrako irainak eta Espainiaren aurkako laidoa egitea egotzi diote.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Nazionalak Santiago Espot Catalunya Accio elkarteko presidentea epaituko du abenduaren 12an, 2015eko Kopako finalean, Bartzelonak eta Athleticek jokatutakoan, Camp Noun, Felipe VI.a erregearen aurrean Espainiako ereserkiari txistu egiteko ekimena sustatzea leporatuta.
Espoti erregearen kontrako irainak eta Espainiaren aurkako laidoa egitea egotzi diote. Hori dela eta, Fiskaltzak 14.400 euroko isuna ezar diezaiotela eskatu du.
Fiskalaren arabera, Espotek sustatu zituen ekintza horiek "milioika pertsonak" ikusi zituzten, eta "sumindura sortu zuten Espainiako herritar askoren artean, herri eta nazio duintasuna ordezkatzen duten irudiak mespretxatu eta errefusatu zituztelako".
Cataluyna Accio 10.000 txilibitu banatu zituen elkarteetako bat izan zen, txistukada sustatzeko helburuarekin.
2015eko maitzaren 28an Catalunya Acció elkartearen Facebookeko profilean manifestu bat argitaratu zuen Espotek, honako izenburu hau zuena: "Espainiako Himnoari eta Felipe Borboikoari txistu egitearen alde". Bertan, Felipe VI.a palkora sartzean protesta ozenago egitea eskatzen zien Bartzelonako jarraitzaileei, eta Athleticeko jarraitzaileek protestarekin bat egingo zutela espero zuen.
Hurrengo egunean, profil berean jakinarazi zuen erakunde horrek eta beste batzuk milaka txilibitu banatuko zituztela futbol-zelaira finala ikustera bertaratuko zirenen artean, " Kataluniako hiriburuan Espainiako erregea egotearen eta ereserkia interpretatzearen arkako protesta are ozenago egiteko".
Fiskaltzaren aburuz, Espotek "Espainiako Estatuko burua eta Espainiako ereserkia gutxiesteko asmo sendoa zeukan; izan ere, biak dira Espainiako nazioarekin identifikatzen diren sentimendu kolektiboen ikur".
Uztaila bukaeran, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak, bi aldiz auzia artxibatu ostean, ahozko epaiketa hastea erabaki zuen, ikertutako ekintzengatik "erantzukizun kriminala" eskatu ahal dela iritzita.
Azaroaren 14an, Espot deklaratzeko deitu zuten, Fiskaltzak eskatuta, baina uko egin zion deklaratzeari, "auzi politizatua" dela eta adierazpen askatasuna urratua zuela argudiatuta.
Deklaratzera deitu baino lehen, Andreuk VOXek eta Manos Limpiasek jarritako salaketak artxibatu zituen, Fiskaltzaren 2009ko txistukada dela eta emandako iritzian oinarrituta. Fiskaltzak ez zuen delitutzat jo 2009ko hori.