Politika -

Erabakitzeko eskubidearen alde

Gure Esku Dagok herri-galdeketak egin nahi ditu euskal hiriburuetan 2018an

Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak iragarri duenez, EAEko herri-galdeketen dinamikari amaiera emango diote 2018an eta Nafarroan eta Iparraldean, berriz, 2019an.

Agurainen GEDk egindako ezohiko batzarra. Argazkia: Gure Esku Dago
Agurainen GEDk egindako ezohiko batzarra. Argazkia: Gure Esku Dago
Agurainen GEDk egindako ezohiko batzarra. Argazkia: Gure Esku Dago

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak 2018rako ekintza-plana aurkeztu du larunbat honetan Agurainen (Araba) egindako ezohiko batzarrean, eta datorren urtean euskal hiriburuetan herri-galdeketak egin nahi dituela aurreratu du. Gauzak horrela, "Etorkizuna-fuTúro" lemapean, "ziklo berri bat" irekiko duela iragarri du, erabakitzeko eskubidearen aldeko aro berriari ekiteko asmoz.

Plataformak azaldu duenez, 2018 bitartean herri-galdeketak egiten jarraituko dute. "Ahalegin berezia egingo dugu galdeketen olatua hiriburuetara ere iritsi dadin; Donostian dagoeneko abian da prozesua", azpimarratu dute.

GEDk azaldu duenez, "EAEn herri-galdeketen lan ildoari 2018an emango diogu amaiera (udaberrian herri-galdeketak egingo baitira Portugaleten, Zamudion, Güeñesen, Muskizen, Igorren, Lezaman, Gordexolan, Aiarako Haranean eta Zuian). Nafarroan eta Iparraldean, aldiz, 2019an".

"Jada lortu dugu galdeketak 180 herrietan egitea, 780.000 biztanle bizi diren eremuan, borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz", gogora ekarri du plataformak. "Eredu hori Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu, orain arte lortu den adostasun sozial zabalean sakonduz", adierazi du.

Horrekin batera, Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Herri Ituna sustatuko dute 2018ko lehen seihilekoan, eta horren helburua izango da "Euskal Herriko eragileen artean herri gisa erabakitzeko behar diren konplizitateak eta adostasunak jostea". "Argi dugu ez dagoela herri gisa erabakitzerik, adosteko jarrera eta kultura ahalduntzailerik gabe", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gure Esku bideoak Alderdi politikoak Albisteak