Politika -

ESPAINIAKO FISKAL NAGUSIA

Julian Sanchez Melgar izango da Espainiako fiskal nagusi berria

Jose Manuel Mazaren heriotzaren ostean, Espainiako Gobernuak orain arte Auzitegi Goreneko magistratu izan dena proposatu du kargurako.  Parot doktinaren bultzatzaileetako bat izan zen.

Espainiako Gobernuak Julian Sanchez Melgar aurkeztu du fiskal nagusi izateko. Argazkia: EFE
Julian Sanchez Melgar. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak Julian Sanchez Melgar aurkeztu du fiskal nagusi izateko. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Julian Sanchez Melgar Auzitegi Goreneko magistratua proposatu du Espainiako fiskal nagusi kargurako, eta ezustekorik ezean berak hartuko du Jose Manuel Maza zendu berriak utzitako lekua. Jose Manuel Maza pasa den asteburuan hil zen Argentinan, infekzio baten ondorioz.

Sanchez Melgar Auzitegi Goreneko magistratua izateaz gain, Parot doktinaren bultzatzaileetako bat ere bada. Halaber, Mazarekin batera Botin doktrina izenekoaren kontra bozkatu zuen Auzitegi Goreneko epaileetako bat izan zen.

2000. urteaz geroztik, Auzitegi Goreneko magistratua da eta Bigarren Aretoko epaileen artetik, esperientzia gehien duena ere bada.

Behin Ministroen Kontseiluak bere izena proposatzen duenean, Espainiako erregeari eramango dio proposamena eta berak emango dio ofizialtasuna Espainiako fiskal nagusi berriaren izendapenari. Edozein kasutan, aurrez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak berari buruzko txostena egin beharko du eta Sanchez Malgarrek Espainiako Diputatuen Kongresuko Justizia batzordearen aurrera agertu beharko du.

Parot doktrinaren bultzatzaile eta Botin doktrinaren kontrakoa

Sanchez Melgar izan zen 2006an Parot doktrina bultzatu zuenetako bat. Zazpi urte geroago, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak bertan behera utzi zuen, Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 5.1 eta 7. artikuluak urratzen zituela iritzita.

Bestalde, Sanchez Melgar Botin doktrinaren kontra agertu zen. Doktrina hori baliatuta, 2014an zendu zen Emilio Botin Santander bankuko buruzagiak epaiketa saihestu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Parot Doktrina Berriak Politika Auzitegi Gorena albisteak Espainia bideoak Eguneko albisteak