Politika -

EAE-ko kontuak

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko dio 2018ko aurrekontu proiektuari

Koalizioak salatu duenez, EAJ "tematuta" dago 155a babestu duten alderdiei "men egitearekin".

EH Bilduren ordezkaritza, asteartean Jaurlaritzako egoitzan. EFE
EH Bilduren ordezkaritza, asteartean Jaurlaritzako egoitzan. EFE
Maddalen Iriarte: 'Gure hipotesi bakarra da osoko zuzenketa bat aurkeztea'

0:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk iragarri duenez, osoko zuzenketa aurkeztuko dio 2018rako Aurrekontu Legearen proiektuari. Koalizioaren hitzetan, EAJk "ateak itxi" dizkio balizko akordio bati, "tematuta" baitago PPri eta, oro har, 155. artikulua babesten duten alderdiei "men egitearekin".

Maddalen Iriarte koalizioak Legebiltzarrean duen bozeramaileak prentsaurrekoan iragarri du erabakia, Unai Urruzuno eta Leire Pinedo ondoan zituela. Salatu duenez, "bagenekien EAJ Alderdi Popularrarekin eta Alderdi Sozialistarekin menage a trois batean zegoela, orain, gainera, 155ekoekin menage a trois batean dago".

Koalizioak uste du Alderdi Popularra zela "Eusko Jaurlaritzak lehen unetik nahi zuen bazkidea, EH Bilduk bide hori Euskal Herriarentzat egokiena ez zela ohartarazi dion arren".

Herenegun helarazi zion EH Bilduk aurrekontuen inguruko bere proposamena Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuari. Proposamenak 220 milioi eurori eragiten zion aldaketak zekartzan. Gaur, baina, osoko zuzenketa aurkeztea erabaki dute, EAJren jarrera ikusita.

"Koherentzia eza"

Iriarteren iritzian, EAJren "koherentzia eza" agerikoa da: "155 mahai gainean egonik, Madrilen PP eta PSOE alderdiekin negoziatzerik ez dagoela esaten dute, baina Euskal Herrian akordioak lortzen dituzte".

Horren harira, galdera bota du koalizioko bozeramaileak: "Zergatik ez da posible izan azken urtebetean EH Bildurekin zerga erreforma bat adostea, eta bi egunetan PPrekin ados jartzea bai?" (PPk aurrekontuei babesa ematearen truke, erreforma fiskala moldatzeko prest agertu dira EAJ eta  PSE-EE).

Iriarteren ustez, "Iñigo Urkullu lehendakariak hala nahi du: enpresa handiei eta Confebask patronalari mesede egingo dien akordioak nahi ditu".

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak EAE Alderdi politikoak bideoak Ekonomia albisteak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak Euskadiko PP bideoak Albisteak Zerga politika gaur Aurrekontuen azken ordukoa