Politika -
KONTROL SAIOA
Genero indarkeriaren kontrako Estatu ituna abenduan sinatzea espero du Rajoyk
Espainiako Diputatuen Kongresuak eta Senatuak irailean onartu zuten indarkeria matxistaren aurkako ituna, 1.000 milioi euroko aurrekontuarekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Indarkeria matxistaren aurkako Estatu ituna abenduan zehar sinatzea espero duela iragarri du gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. Diputatuen Kongresuan egiten ari diren kontrol saioa baliatu du iragarpen hori egiteko.
Estatu ituna noiz jarriko duen martxan galdetu dio Margarita Robles PSOEk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak Mariano Rajoyri, eta Espainiako Gobernuko presidenteak abenduan zehar sinatzea espero duela erantzun dio. Kongresuak eta Senatuak irailean onartu zuten indarkeria matxistaren aurkako ituna, eta, horren arabera, datozen bost urteetan 1.000 milioi euro bideratuko dituzte horretara.
Mariano Rajoyk azaldu duenez, Gobernua autonomia erkidegoekin, udalekin, Botere Judizialarekin, Fiskaltzarekin eta beste erakunde batzuekin lanean ari da "hemen (Kongresuan) eta Senatuan adostutakoa oinarri hartuta abenduan zehar sinatu ahal izateko (Estatu ituna)".
Dokumentuak Kongresuan eta Senatuan sinatu zirenetik bi hilabete igaro badira ere, "ikerketak soilik egotea" eta Kongresuan ekimen "bakar bat ere" aurkeztu ez izana leporatu dio Roblesek Rajoyri. Roblesen hitzetan, Estatu ituna abian jartzeko legeak beharrezkoak dira.
"Akordioa ona da, eta hala ez balitz ez nuke sinatuko; Gobernuaren borondatea akordioak denboran irautea da", azpimarratu du Rajoyk. Dena den, genero indarkeriaren kontrako borrokan "ez gara hutsetik hasiko", gaineratu du.
Roblesek bere hitzaldian nabarmendu duenez, "indarkeria matxistaren biktimek ez dute minutu bakar bat ere iraungo". "Utzi kanpainak eta hasi lanean; ezin dugu onartu emakume bat bera ere hiltzea", azpimarratu du.
___________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.