Politika -

Espetxeratzea

Pasaiako alkate ohia kartzelan, bi urte eta erdiko zigorra betetzeko

Prebarikazioa eta justiziari oztopo jartzea egotzita, espetxe zigorra ezarri zieten Amaia Agirregabiria alkate izandakoari eta Iker Rokandio jardunean zen udal idazkariari.

Amaia Agirregabiria, artxiboko argazki batean. EiTB
Amaia Agirregabiria. EiTB
Amaia Agirregabiria, artxiboko argazki batean. EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaia Agirregabiria Pasaiako alkate ohia (EH Bildu) Martuteneko espetxean (Gipuzkoa) da astelehen arratsaldeaz geroztik, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak prebarikazioa eta justiziari oztopo jartzea egotzita, irailean ezarritako bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra betetzeko. Zazpi urteko gaitasungabetzea ere ezarri zioten alkate izandakoari.

Agirregabiriarekin batera zigortu zuten Iker Rokandio udal idazkari izandakoa ere aurki sartu beharko da Zaballako kartzelan (Araba).

2013ko trafiko liskar bat izan zen auziaren abiapuntu. Epaiak gertatutakoaz egindako kontaketaren arabera, emakume batek garaje baten sarbidean aparkatu zuen, eta udaltzainek garabiari deitu zioten, autoa kentzeko. Emakumeak kontra egin zien udaltzainek eta "liskarra" atestatu batean bildu zuten agenteek. Falta edo hutsegiteengatik egin beharreko epaiketan lehertu zen auzia. Izan ere, artean udal idazkaria zenak dekretua idatzi zuen —eta alkateak sinatu— udaltzainen jokabidea babestuz, baina epaiketara deklaratzera joan ez zitezen aginduz. Udaltzainak ez ziren deklaratzera joan, baina horietako batek Fiskaltzara jo zuen alkatearen eta idazkariaren jarrera salatzeko, eta gerora Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak biak zigortu zituen.

Agirregabiriak berak eman zuen atzo espetxeratzearen berri, Facebooken duen kontuan. Zabaldutako mezuan, herritarrek azken aste eta hilabeteetan erakutsitako "maitasun eta elkartasuna" eskertu ditu. Izan ere, ekimen ugari antolatu dituzte Gipuzkoako herrian Agirregabiriari eta Rokandiori babesa emateko.

Iker Rokandio 2013an jarduneko udal idazkaria zenak Euskadi Irratiari gaur azaldu dionez, "ez dakigu inoiz zein interes eta gorroto egon diren atzean. Trafiko liskar soila zena gure tragedia bihurtu da". Prozesu guzti honetan "jendeak erakutsitako elkartasuna" eskertu du Rokandiok; horren iritzian, "jendeak ulertu du ez dela udal ustelkeriarekin lotutako kasu bat".

EH Bilduk ere, elkartasuna

EH Bilduk "bere babes eta elkartasun osoa" adierazi nahi izan die Amaia Agirregabiriari eta Iker Rokandiori. Koalizio abertzaleak ohar batean jaso duenez, "sinetsita gaude bere jardun publikoan herritarrei laguntzeko borondate osoa izan zutela, eta irizpide izan zutela beti beren ekintza publiko eta instituzional guztietan". Hala, "lehenbailehen" aske geratzea espero du EH Bilduk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gipuzkoako albisteak Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Nafarroa Pasaia Gaurko azken ordukoa