Politika -

2018ko aurrekontuak

Urkullu eta Mendia erreforma fiskala aldatzeko prest, PPren babesa lortzeko

Oposizioko indarrekin egindako lehen bilera-sortan, “bi baztertu (EH Bildu eta Elkarrrekin Podemos) eta bat negoziatzeko prest (PP)” agertu direla adierazi du lehendakariak.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko irudia: EFE
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko irudia: EFE
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSEk adostutako erreforma fiskalean aldaketak PPrekin “negoziatzeko” prest agertu da gaur Iñigo Urkullu lehendakaria, Alderdi Popularrak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei babesa ematearen truke. Sozialistek eta jeltzaleek ez dute gehiengorik Eusko Legebiltzarrean, eta babesa behar dute kontuak aurrera ateratzeko.

Lehendakariaren ahotan, Euskadik “2018rako 'ad hoc' aurrekontu batzuk behar” ditu, defizit helburua, Europako gastu araua eta “gastu konprometituak” bezalako “baldintzak” bete behar direlako.

2018ko kontuak aurrera ateratzeko babesen bila, oposizioko indarrekin egindako lehen bilera-sortan, “bi baztertu (EH Bildu eta Elkarrrekin Podemos) eta bat negoziatzeko prest (PP)” agertu direla adierazi du Urkulluk.

Nahiz eta zuzenean ez aipatu, Alderdi Popularrak “fiskalitatean akordio” bat adosteko “baldintza” jarri duela esan du lehendakariak, “ez bakarrik puntu zehatz batean”, zerga erregimen osoan baizik.

Eskumen fiskala Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusiena dela gogorarazi du EAEko buruzagiak, baina PPk baldintza hori jarrita, Eusko Jaurlaritzari “eragiten” diola erantsi du. Horregatik, erreforma fiskala aztertzeko “aspalditik” Alderdi Popularrarekin lanean ari direla onartu du.

Mendia, erreforma fiskala "hobetzeko" prest

"Euskal erakunde guztiek aurrekontuak izango dituzte datorren urtean". Ziur mintzatu da gaur Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia. Izan ere, adostasuna izateko eginahalak egiteko prest daude sozialistak, baita EAJrekin itundutako erreforma fiskala "hobetzeko" ere. Hain justu baldintza hori jarri du Alderdi Popularrak kontuak babesteko.

Forum Europa gosari informatiboan parte hartu du gaur Mendiak Pedro Sanchez PSOEren buruarekin batera. Nabarmendu duenez, "PSE-EEk eginahalak egingo ditu euskal erakunde guztiek aurrekontuak izan ditzaten".

Oposizioko hiru alderdiei zuzendu zaie Mendia, eta hirurei "akordio zintzo, zabal eta transbertsala" eskatu die, "betorik eta bazterketarik gabekoa". Mendiaren aburuz, "denon erantzukizuna da, eta horregatik eskua luzatu nahi diegu talde politiko guztiei".

"Eginahalak egingo ditugu akordioa lortzeko, betiere herritarren onurarako bada", azpimarratu du.

Hala, PPk eskatu bezala, erreforma fiskalaren akordioa "hobetzeko" prest azaldu da, horrek aurrekontuak onartzea badakar.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza albisteak Idoia Mendia bideoak Ekonomia berriak Euskal sozialistak Euskadiko PP bideoak Albisteak Gastu publikoa Euskal Autonomia Erkidegoa