Politika -
Batzarra
'Euskal Herria kohesionatzeko' tresna dela berretsi du Udalbitzak
Hautetsi abertzaleen elkarteak azaldu duenaren arabera, EHNA edo euskal NANa "indartzea" da etorkizuneko erronketako bat.
Agentziak | Erredakzioa
Udalbiltza hautetsi abertzaleen elkarteak hainbat erronkari egingo dio aurre datorren hamarkadan, larunbat honetan Hernanin egindako batzarrean adierazi duenez. Besteak beste, EHNA edo euskal NANa "indartu" nahi duela esan du, "gaur egungo egoerara" egokitzeko. "Euskal Herria" kohesionatzeko tresna gisa kokatu nahi duela azpimarratu du erakundeak.
Esate baterako, Ikerbiltza (herrien eta unibertsitateen arteko elkarlanerako programa) eta Urbiltzen (hurbileko herriak senidetzeko ekimena) egitasmoetan sakontzea du xede Udabiltzak, gaur Hernanin (Gipuzkoa) egindako bileran adostu dutenez.
"Udalbiltza Euskal Herria kohesionatzeko eta eraikitzeko tresna erabilgarria" dela aldarrikatu dute hautetsi abertzaleek, nazio ikuspuntutik lan egiten lagunduta.
Urte hasieran abiatutako hausnarketa-prozesua ("Udabiltzan bagabiltza") amaitu du elkarteak gaurko bilkurarekin. 600 bat pertsonak hartu dute parte: 201 herritatik eta 23 eskualdetatik etorritako 471 hautetsi, besteak beste.
Luis Intxauspe Udalbiltzako presidentearen eta Hernaniko alkatearen esanetan, "elkarte hau guztiz beharrezkoa izango da datozen urteetan, Euskal Herriaren kohesioan sakontzeko eta lurralde politika nazionala egituratzeko".
"Udalbitzak egiten ez duena ez du beste inork egingo", baieztatu du buruzagi abertzaleak.